Klima Aldaketari buruzko Gobernuarteko Adituen Taldeak (IPPCC) “Lurra eta Klima Aldaketa” txostena argitaratu zuen joan den abuztuan. Txosten horretan esaten da, besteak beste, klima-aldaketa eragina ari dela izaten janariaren eskuragarritasunean, egonkortasunean eta nutrizioan.

 

IPCCk, sortu zenetik, hainbat dokumentu tekniko, txosten berezi eta ebaluazio-txosten prestatu ditu, klima-aldaketari buruz dagoen ezagutza zientifiko-teknikoa nazioarteko komunitatearen eskura jartzeko (hala arduradun politikoen nola oro har herritarren eskura). Horrenbestez, esan daiteke azken txosten hau funtsezko ekarpen zientifikoa izango dela laster klimari eta ingurumenari buruz egingo diren negoziazioetan.

Ez xahutu janaririk

Beste alde batetik, txosten honek dio gutxi gorabehera ekoizten diren elikagaien heren bat alferrik galtzen dela. Herrialde garatuen eta garabidean daudenen artean desberdinak dira janaria alferrik galtzeko arrazoiak, baita eskualdeen artean ere. Alferrik galtzen den janari kopurua murriztuz gero, gutxitu egingo litzateke berotegi-efektuko gasen emisioa, eta horrek elikadura segurtasuna hobetzen lagunduko luke.

Barazki gehiago jan

Dieta batzuek ur eta lur gehiago eskatzen dute, eta gas-emisio gehiago eragiten dituzte. Horiek, era berean, berotze globala areagotzen dute. Hori dela eta, klima-aldaketa murrizteko, hobeak dira ale, lekale, fruta eta barazkiekin eta modu jasangarrian ekoitzitako animaliekin egindako janariz osatutako dietak.

Gomendioak

Klima-aldaketari aurka egiteko, beharrezkoa da jasangarritasunaren ikuspegi orokor bat izatea eta ekintza goiztiarrak egitea, esate baterako, biztanle kopurua hainbeste ez haztea, desberdinkeriak murriztea, nutrizio hobea izatea eta hainbeste janari ez alferrik galtzea.

 

Elikadura-sistema erresilienteago bat lortzen bada, lur gehiago izan daiteke eskura energia garbiak sortzeko eta, era berean, basoak eta ekosistema naturalak zaintzeko. Hala ere, ez badugu azkar jarduten, litekeena da lur gehiago behar izatea energia sortzeko eta, ondorioz, erabaki desafiatzaileak hartu behar izatea lurraren erabilerari eta elikadura sistemari buruz.

 

Lurra modu jasangarrian kudeatzea babesten duten politikak eginez gero, pertsona kalteberentzako elikadura-hornidura ziurtatu daiteke eta karbonoa lurrean mantendu, bai eta berotegi efektuko gas-emisioak murriztu ere.

 

Elikagaien eta lurren sektoretik kanpoko beste politika batzuek ere, garraioaren eta ingurumenaren arlokoek, esate baterako, eragin handia izan dezakete klima-aldaketaren kontrako borrokan. “Azkar jarduten badugu kostua txikiagoa izango da, galera gutxiago izango baitira”, ohartarazten da txostenean.