Joan den astean, abenduaren 9tik 15era, egin zen Elikagaien xahuketaren aurkako lehen astea Euskadin. Xahuketaren aurkako plataformak sustatu zuen, eta plataforma hori Elika Fundazioak dinamizatzen du.

Kanpainaren helburu nagusia herritarren kontzientzia piztea izan da, elikagaien xahuketa gizarteari, inguruneari eta ekonomiari eragiten dien arazo larri bihurtu delako eta herritar guztien inplikazioarekin bakarrik gaindi daitekeelako.

Helburu horrekin, kanpainaren xede espezifikoa izan da Euskadiko ahal beste udal astearekin eta plataformarekin bat egitera erakartzea eta animatzea, aste horretan jardueraren bat antolatuz.

Aipatu behar da Eusko Jaurlaritzak sustatutako Ekintza Planaren esparruan kokatuta dagoela kanpaina hau, eta hasiera-hasieratik izan duela Eudelen (Euskadiko Udalen Elkartea) eta Udalsarea 21en (udalerri jasangarrien euskal sarea) babesa.

Atxikitzeak eta jarduerak

Kanpainak plataformara 40 erakunde baino gehiago atxikitzea lortu du; besteak beste, udalak, udaletako jasangarritasun-bulegoak edo hainbat eskualdetako tokiko garapen agentziak. Momentu honetan, plataformak 125 kide baino gehiago ditu, eta horiek lurralde osoko administrazioak, sindikatuak, nekazaritzako elikagaien sektoreko eragileak, gizarte-erakundeak eta abar ordezkatzen dituzte.

Bestalde, jardunaldi asko antolatu dituzte plataformako kideek. Aste osoan zehar sentsibilizazio-tailerrak, prestakuntza-jarduerak, ikus-entzunezkoen proiekzioak, elikagaiak aprobetxatzen ikasteko sukaldaritza-hitzaldiak, informazio esku-orrien banaketa… eta beste hainbat ekintza antolatu dira.

Batzuk aipatzeagatik:

  • Vitoria-Gasteizko Udalak Elikagai xahuketarik ez gida aurkeztu du. Jatetxeei zuzenduta dago, eta ostalaritza-sektoreko elikagaien xahuketa prebenitzeko eta murrizteko hainbat proposamen egiten ditu.
  • Tolosako Udalak “Nik ez dut hondakinik sortzen” erakusketa, eskoletan eman ziren haurrentzako tailerrak eta ogi zaharra berrerabiltzeko ideiak zabaltzera bideratutako ikastaro bat antolatu zituen.
  • Sondikako Udalak “12 ekintza” esku-orria banatu zuen udalerriko denda eta jatetxeetako langileen artean sentsibilizazioa sustatzeko. Horrez gain, bideoak proiektatu ziren Gaztetxean.
  • Gordexolako udalak dibulgazio-hitzaldi bat antolatu zuen.
  • Urkiolako Landa Garapenerako Alkarteak/Durangaldeko Mankomunitateak ekitaldi bat antolatu zuen, eta bertan, eskualde horretako alkateek elikagaien xahuketaren aurkako manifestua sinatu zuten eta plataformarekin bat egin zuten.

Esker onak

Elika Fundazioak, erakunde dinamizatzaile gisa, eskerrak eman nahi dizkie plataformako duten kide guztiei, Euskadin antolatu den Elikagaien xahuketaren aurkako astean lagundu eta parte hartu izanagatik, baita antolatutako sentsibilizazio-jarduera guztiengatik ere; izan ere, aurrerapauso garrantzitsua dira Euskadin egiten den elikagaien xahuketa murrizteko helburua lortzeko bidean.