LIFE programaren barruan, Europako Batzordeak 101,2 milioi euro erabiliko ditu eskala handiko hamar ingurumen- eta klima-proiektu finantzatzeko bederatzi estatu kidetan (horien artean, Espainia). Hala, Europaren ekonomia jasangarrirako eta neutraltasun klimatikorako trantsizioa errazagoa izango da.

Eskala handiko proiektu horiek lagungarriak izango dira Europako Itun Berdearentzat, baita EBk hemendik 2050era bitartean klimatikoki neutroa izango den lehen kontinentea bihurtzeko duen asmoa betetzeko ere. Horrez gain, lagungarriak izango dira ekosistemak eta guztiontzat beharrezkoak diren espezieak leheneratzeko eta kontserbatzeko, ekonomia zirkularrerantz aurrera egiteko, airearen eta uraren kalitatea hobetzeko, finantza jasangarriak sustatzeko eta Europaren klima-aldaketarekiko erresilientzia areagotzeko.

 

Hona hemen ikerketa-proiektu horien bidez gainditu beharreko 5 erronkak:

1. Klima-aldaketara egokitzea

Frantziako eta Espainiako proiektuak lagungarriak izango dira klima-aldaketarekiko erresilientzia areagotzeko. Proiektu horiek klima-aldaketarako egokitzapena sartuko dute EAEko plangintzan eta beste esparru estrategiko batzuetan, eta Frantziaren egokitzeko gaitasuna sustatuko dute, naturan oinarritutako konponbideekin.

LIFE-IP URBAN KLIMA 2050

LIFE IP ARTISAN

2. Hondakinen kudeaketa:

Greziako proiektu batek hondakinen prebentzioa eta berrerabilera sustatuko ditu, zabortegietara iristen diren udal-hondakinen kopurua murriztuz. Hondakinei buruzko adierazle eta arau berriak egingo dira, ekonomia zirkularra ezartzen laguntzeko.

LIFE-IP CEI-Greece

3. Natura zaintzea

Estonia, Irlanda eta Zipreko proiektuak lagungarriak izango dira Europako natura kontserbatzeko eta EBko gune babestuen Natura 2000 sarea hobeto kudeatzeko. Onuragarria izango da habitat eta espezie garrantzitsu askorentzat: basoak, nekazaritza-lurrak, larreak, kostaldeak eta zohikaztegiak, baita espezie polinizatzaileak ere. Habitat horiek karbono-zulo garrantzitsu gisa ere balio dute.

LIFE-IP ForEst&FarmLand

LIFE-IP PAF Wild Atlantic Nature

LIFE IP PHYSIS

4. Airearen kalitatea

Eslovakian egingo den proiektu bat lagungarria izango da EBk airearen kalitatearen inguruan emandako zuzentarauak betetzeko, herritarrek atmosfera-kutsatzaile kaltegarriekiko duten esposizioa murriztuz. Txekiak ere proiektu horren onurak jasoko ditu, antzeko arazoak baititu airearen kalitatearekin.

LIFE-IP SK AQ Improvement

5. Ura

Ibai-arroak xede dituzten Irlandako eta Letoniako proiektuei esker, babestu eta hobetu egingo da herrialde horietako ibai eta lakuetako uraren kalitatea, eta, hala, bete egingo dituzte urari buruzko EBren esparru-zuzentarauaren arabera dituzten betebeharrak.

LIFE-IP Waters of Life

LIFE GoodWater IP