Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak, Enfokamer Merkataritza Behatokiaren bidez, jasangarritasunari dagokionez kontzientziazio- eta inplikazio-mailari buruzko informazioa biltzeko Euskadiko herritarren artean egindako ikerketaren emaitzak argitaratu ditu.

Zundaketa baten bidez, zenbait alderdiri buruzko iritziak eta jarrerak bildu dira, baita gizarteak ingurumenaren eta jasangarritasunaren alde egiten dituzten ekintza zehatzak ere.

Zehazki, ikerketak ere erantzuna eman nahi die honako helburu hauei:

  • Euskadiko herritarren Garapen Jasangarriko Helburuen ezagutza-maila eta testuinguruan bertan esleitutako lehentasunak ezagutzea.
  • Euskadiko biztanleen ingurumen-kontzientziazioko gradua eta kontserbazioaren alde izandako jarrera eta egindako ekintza zehatzak ezartzea.
  • Euskadiko biztanleen garapen jasangarriari buruzko iritzietan, jarreratan eta ekintza zehatzetan sakontzea.
  • Hondakinen birziklatzeari buruzko pertzepzioa eta Euskadiko biztanleek gehien egiten dituzten ekintza zehatzak aztertzea.
  • Herritarrek kontsumo arduratsuari eta ekintza eratorriei buruz duten pertzepzioa ezagutzea.
  • Eta Euskadiko biztanleek tokiko saltoki txikiei esleitutako ekarpena eta Garapen Jasangarriko Helburuetan duten partaidetza ezartzea.

Elikadura-jasangarritasuna Euskadiko herritarrengan

Ikerketaren ondorio nagusien artean, elikadura-produktuen erosketari dagokienez, Euskadiko herritarren kontsumo arduratsuko ekintzak honako hauek direla adierazten da:

  • Euskadiko kontsumitzaileen zati handi batek plastikoen beharrezko murrizketa barneratu du, eta, aurretik ikusi dugunez, ardurarik handiena eragiten duten alderdietako bat da. Hala, % 44,2k esan du bere poltsak eramaten dituela elikagaiak erostean, material hori gehiegi ez erabiltzeko. % 30,7k esan du alderdi hori ia beti aintzat hartzen duela.
  • Kontsultatuen % 43,4k esan du elikagaien xahuketa ekiditen duela. Halaber, logikoa denez, horrek eragina dauka erosketa-erabakietan, eta erosketa-planteamendu zentzuzkoagoa eragiten du.
  • Beste ekimen batzuk oraindik ez daude horren zabalduta edo herritarrek ez dituzte horren barneratuta. Bestalde, % 14,8k adierazi du produktu bat erostean, berriz erabili ahal den ontzian datorrenari lehentasuna ematen diola, eta % 31,7k esan du ez duela inoiz hori aintzat hartzen, edo soilik batzuetan.
  • Halaber, herritarren % 13,5ek esan du lehentasuna ematen diela beti KM 0 produktuei, urrunagotik datozenen eta karbono-aztarnari dagokionez inpaktu handiagoa dutenen aurrean. % 11,6k beti ekiditen du ontziratutako produktuak, haragi- edo arrain‑erretiluak, barazki-poltsak eta beharrezkoak ez diren hondakinak sortzen dituzten gehiegizko bilgarriak erostea.

 

Kontsumo arduratsurako jarraibide horietan guztietan ikus daiteke 50 urte baino zaharragoak diren herritarrek inplikazio handiagoa dutela, gazteagoak diren adin-taldeekin alderatuta.