Europako Batzordearen JRC zentroak (Europako Ikerketa Zentroa) “Nature Sustainability” aldizkarian argitaratutako azterlan batean ondorioztatu du dieta osasungarria izateak, giza osasunarentzat onuragarria izateaz gain, ur geza asko aurrezten duela.

Aurrekariak

Europako batez besteko dietak, oro har, gehiegizko kontsumoa du ezaugarri; bereziki animalia-produktu gehiegi kontsumitzen ditugu, eta nagusiki haragia, zeinak aztarna hidriko* handia baitu.

Dieta osasungarri batek azukre, labore-olio, haragi eta animalia-koipe gutxiago izan behar ditu, eta barazki eta fruta gehiago.

Emaitzak

Egungo dietak kontuan hartuta, gure elikagaiak ekoizteko behar den ura portzentaje hauetan murriztu ahal izango litzateke:

  • % 11 eta % 35 artean, haragi-kontsumoa barne hartzen duten dieta osasungarrietan.
  • % 33 eta % 55 artean, arrain-kontsumoa barne hartzen duten dieta osasungarrietan.
  • % 35 eta % 55 artean, dieta begetariano osasungarrietan.

 

Ikertzaileek hiru dieta-patroi horiek aztertu dituzte, egungo elikagaien kontsumoa aintzat hartuta. Horretarako, Frantziako, Erresuma Batuko eta Alemaniako 43.000 eremu baino gehiagotako datuak erabili dituzte. Azterlan hau aztarna hidrikoa eta elikagaien kontsumoa lotuz Europan egin den zehatzena da, eta kontuan izan dira elikagaien kontsumoaren faktore sozioekonomikoak ere, bai egungo dietenak bai gomendatutakoenak.

 

Zientzialariek korrelazio interesgarriak aurkitu dituzte faktore sozioekonomikoen (esaterako, adina, generoa eta hezkuntza-maila) eta elikagai jakin batzuen aztarna hidrikoaren* artean, baita aztarna hidriko orokorrean duen eragina ere. Hona hemen adibide batzuk:

  • Frantzian, aztertutako herrietan, esnearen kontsumoaren aztarna hidrikoak behera egiten du adinarekin.
  • Londresen korrelazio estua dago ardo-kontsumoaren aztarna hidrikoaren eta hezkuntza-maila altua duten herritarren portzentajearen artean.

Ondorioa

Adierazitako guztiagatik, analisi zehatz bat egin ostean, azterlanak ondorioztatzen du modu osasungarriagoan jateak nabarmen murritz dezakeela pertsonen dieten aztarna hidrikoa.

Gomendioak

  • Azterlan hau tresna erabilgarria da kudeatzaile politikoentzat, eta beste aztarna batzuen ebaluazioari aplika dakioke, hala nola elikagaien kontsumoarekin lotutako karbono-, lur- edo energia-aztarnen ebaluazioari.
  • Abeltzaintzako ekoizpen-sistema intentsiboak eta planetako baliabideen eta ekosistemen gehiegizko ustiapenak ondorio negatibo ugari ditu, eta horri gehitu behar zaio animalia-produktuen eskaria gora egiten ari dela mendebaldekoak ez diren beste herrialde batzuetan. Hori horrela, gure dieta aldatzea eta barazki gehiago jaten hastea beharrezkoa da EBrentzat, osasungarria eta baliabideei dagokienez eraginkorragoa izateaz gain.

* Aztarna hidrikoa da kontsumitutako ondasunak, kasu honetan kontsumitutako elikagaiak, ekoizteko erabiltzen den ur gezaren guztizko bolumena.