Klima Aldaketa: “1,5ºC-ko berotze globalari buruzko txosten berezia”
Klima Aldaketari buruzko Nazio Batuen Esparru Konbentzioak eginiko gonbidapenari jarraikiz, IPCCk “1,5ºC-ko berotze globalari buruzko txosten berezia” egin du. Horren bidez, funtsezko ekarpen zientifiko bat egin nahi da abenduan Katowicen (Polonia) egingo den Klima Aldaketari buruzko Biltzarrean.
IPCC da klima-aldaketari, horren eraginei, etorkizunean ekar ditzakeen arriskuei eta aldaketari erantzuteko ditugun aukerei buruzko ezagutza zientifikoak ebaluatzeaz arduratzen den nazioarteko erakunde nagusia.
2015eko abenduaren 12ko Parisko Hitzarmenak jarraipena emango dio 2020an amaituko den Kyotoko Protokoloari. Hain zuzen, 196 naziok sinatu zuten hitzarmen hori, bi helburu nagusi hauek betetzeko asmoz: “mundu-mailako batez besteko tenperaturaren gorakada 2ºC baino askoz ere beherago mantentzea, industriaurreko mailekin alderatuta; eta gorakada hori 1,5ºC-ra mugatzeko ahaleginean jarraitzea, horrek klima-aldaketaren arriskuak eta eraginak nabarmen murriztuko lituzkeela onartuz”. Hitzarmen horren bidez, Nazio Batuetako organizazio eta erakunde espezializatuei deia egin zitzaien klimaren inguruko ezagutza zientifikoak sendotzearen alde egitera.
Jarraian jaso ditugu txostenaren alderdi esanguratsuenak.
Berotze globala 1,5ºC-ra mugatzea
2017an, berotze globala 1ºC-koa izan zen. Planetaren egungo berotze-erritmoa kontuan hartuta (0,2ºC hamarkada bakoitzean), 1,5ºC-ra iritsiko ginateke 2040an.
Txostenaren arabera, berotze globala 1,5ºC-etik igaro ez dadin, beharrezkoa da trantsizio “azkarrak eta irismen handikoak” egitea maila guztietan. Helburu hori lortzeko, giza jatorriko karbono-emisioak (CO2) % 45 inguru murriztu behar dira 2030erako (2010eko mailaren aldean), eta 2015erako emisio mailak “zero zenbateko garbia” izan beharko luke.
Txostenak helburua lortzeko beharrezkoak diren bi ibilbide edo egoera kontzeptual identifikatzen ditu:
- Tenperatura globala 1,5ºC-ko gorakadaren azpitik egonkortzea.
- Mendearen erdialdean gorakada 1,5ºC-tik igaro dadila uztea, aldi baterako, eta ondoren 1,5ºC edo gutxiagoko mailara jaistea berriro, beranduenez 2100. urtean.
Ez da ibilbide onargarritzat hartzen 21. mendearen amaierara arte 1,5ºC-tik gora modu iraunkorrean igotzea dakarren besterik.
Txostenean jasotakoaren arabera, tenperatura globalak 1,5°C gainditzea ahalbidetzen bada, beharrezkoa izango da atmosferatik CO2 xurgatzen duten teknika gehiago erabiltzea, 2100. urterako 1,5°C-tik beherako berotze globalera itzuli ahal izateko. Teknika horien eraginkortasuna ez da frogatu eskala handian eta, hortaz, horietako batzuk oso arriskutsuak izan daitezke garapen jasangarriarentzat.
Tenperatura-igoera 1,5ºC-ra mugatzeko betebeharrak
2050ean “zero zenbateko garbia” lortzeko, mundu osoan ekoizten den energia elektrikoaren % 70 eta % 85 artean iturri berriztagarrietatik etorri behar da. Funtsezkoa da karbono gutxi kontsumitzen duten eta energetikoki eraginkorrak diren teknologietan inbertitzen den zenbatekoa areagotzea; aldi berean, laurden batean murriztu beharko da erregai fosilen ustiaketa.
Ekoizpen-sistemek eta kontsumo-ohiturek ere funtsezko rola dute helburu horiek erdietsiko baditugu. Ekoizpenaren eraginkortasuna hobetu beharra dago, eta lurra hobeto aprobetxatu behar dugu; energia gutxiago behar izango bagenu eta elikagaiak nahiz kontsumo-ondasunak igorpen gutxiagorekin lortu ahalko bagenitu, asko lagunduko luke.
Tenperatura-igoera 1,5ºC-ra mugatzearen onurak, eta ez 2ºC-ra
Tenperatura hamarren bat igotzen den bakoitzean, 1,5ºC-ra edo gehiagora hurbilduz, handitu egiten da aldaketa atzeraezinak izateko arriskua, adibidez, ekosistemak galtzeko arriskua. Tenperatura-igoera 1,5ºC-ra mugatuz gero, pertsonek eta ekosistemek aukera izango dute egokitzeko eta arrisku-atalaseen azpitik egoteko. Txostenean, tenperatura-igoera 1,5ºC-ra mugatzeko ibilbide posibleak, beharrizanak eta ondorioak aztertzen dira.
- 2100ean, tenperatura-igoera 1,5ºC-ekoa balitz, eta ez 2ºC-koa, itsasoaren gorakada globala 10 cm txikiagoa izango litzateke. Horri esker, itsasoaren gorakadaren ondoriozko giza galerak 10,4 milioitan murritz litezke.
- Tenperatura-igoera zenbateko horretara mugatuz gero, Ozeano Artikoa udan izotzik gabe gelditzeko aukera mendean behingoa izango litzateke, eta ez hamarkadan behingoa.
- Koralezko arrezifeak % 70 eta % 90 artean murriztuko lirateke, eta ez lirateke arrezifeen % 99 desagertuko. Beroketak eta azidifikazioak arrantzari, akuikulturari eta itsasoko espezie eta ekosistema ugariri eragingo diete.
- Kalkuluen arabera, berotze globala 1,5ºC-koa izango balitz, eta ez 2ºC-koa, erdira murriztuko litzateke ur-eskasia izango luketen pertsonen kopurua, gutxi gorabehera. 427 milioi pertsona gutxiagok pairatuko lukete elikagai- eta ur-eskasia, klimak eragindako mehatxuak eta osasuna kalte dezaketen egoerak.
- Muturreko fenomeno meteorologikoak murriztuko lirateke, baita beroari loturiko heriotzak eta gaixotasunak, basamortutzea eta animalia nahiz landare basatien desagerpena ere.
Mundu-mailan jasaten den eragina, hein handi batean, igorpenak murrizteko aukeratzen den “bide-orriaren” araberakoa izango da. Emisioak 1,5ºC-ko igoera ez gainditzeko beharrezkoak diren atalaseetan mantenduko balira, nabarmen murriztuko lirateke ondorioak, aldi batez 1,5ºC gainditu eta gero mendea bukatu arte atalase horretara itzulita izango liratekeen ondorioen aldean. Atalasea zein mailatan eta zenbat denboraz gainditzen den, ondorioen intentsitatea txikiagoa edo handiagoa izango da.
Txostena 40 herrialdetako 91 autore eta editore-berrikuslek prestatu dute, 133 autoreren ekarpenak ditu, eta adituen 42.001 ohar eta berrikuspen jaso ditu. Gainera, 6.000 erreferentzia baino gehiago aipatzen dira bertan.