Elikagai-hondakinik sor ez dadin, zuzenean iturrian esku hartu behar da, elikagaiak hornitzeko katearen etapa bakoitzean (hots, ekoiztean, prozesatzean, banatzean eta kontsumitzean) sortzen diren elikagai-soberakinak mugatuz. Hori lortu ezin bada, elikagai-soberakinak erabiltzeko modurik onena da elikagaiok giza kontsumorako berriz banatzea, betiere banaketa segurua izango den leku batean. Hain zuzen ere, horrexek bermatzen du balio handiena jateko moduko elikagaien erabileran.

Ekonomia Zirkularreko Ekintza Planaren barruan, Batzordeak EBn elikagaiak dohaintzan emateko arau batzuk ezarri ditu, elikagai seguruak eta jangarriak berreskuratzeko eta behar dituztenei emateko. Gida elikagaien xahutzeei buruzko EBko plataformarekin kontsultatuta osatu da, eta helburu hauek ditu:

  • Elikagai-soberakinen hornitzaileei eta hartzaileei EBren arau-esparruan ezarritako eskakizunak betetzen laguntzea (esaterako, elikagaien segurtasunaren, elikagaien higienearen, trazabilitatearen, erantzukizunaren, BEZaren eta abarren arloko eskakizunak).
  • EBko estatu kideetako agintari eskudun guztiek elikagai-soberakinen banaketan aplikatzen diren arauak berdin uler ditzaten saiatzea.

EBn elikagaiak dohaintzan emateko gida (2017ko urriaren 16an onartua)

 

Bestalde, Batzordeak proiektu pilotu bat jarriko du martxan 2017an, estatu kideetan elikagaiak dohaintzan emateko praktikak ebaluatzen jarraitzeko, alde batetik, eta EBn elikagaiak dohaintzan emateko arauak zabaltzen eta onartzen laguntzeko, bestetik.

Elikagaien galerari eta xahutzeei buruzko EBko plataformaren azpitalde batek, elikagaien dohaintza jorratzen duen taldeak alegia, Batzordeak alor horretan egiten duen lana babesten du, eta plataformako kideei elkarren artean esperientziak eta praktika egokiak partekatzen laguntzen die.

Agindua: Elikagaien dohaintzari buruzko azpitaldea