Ekoizpen Ekologikoa Garatzeko Ekintza-plana
Europako Itun Berdearen esparruaren barneko «Baserritik Mahaira» Estrategiak eta Biodibertsitatearen inguruko Estrategiak aurreikusten dute 2030ean EBko nekazaritza-lurren % 25 ekoizpen ekologikokoa izango direla. Horrela, nekazaritzako elikagaien sistemaren iraunkortasuna hobetuko da eta biodibertsitatearen galera ekidingo da. Xede hori betetzeko, Batzordeak «Ekoizpen Ekologikoa Garatzeko Ekintza-plan» berria argitaratu zuen martxoaren 24an.
Bere 3 ardatzak eta ekintzak
1. ardatza. Eskaera
Eskaera sustatzea eta kontsumitzaileen konfiantza bermatzea.
Nekazaritza-ustiategi konbentzionalek ekoizpen ekologikorako aldaketa gauzatzea sustatzeko, ezinbestekoa da produktu ekologikoen kontsumoa handitzea eta kontsumitzaileek produktu horiekiko duten konfiantza indartzea. Etengabeko hazkundea bultzatzeko eta errentagarria den merkatu ekologikoa mantentzeko, Batzordeak ekintzak gauzatzea proposatzen du honetarako:
- Nekazaritza ekologikoa eta bere logotipoa sustatzea, informazio-neurrien, herritarrei egindako ezagutza-inkesten eta EBren sustapen-politikaren esparruan aurrekontu hobetuaren bidez.
- Jantoki ekologikoak sustatzea eta kontratazio publiko ekologikoaren erabilera handitzea.
- Eskoletan frutak, barazkiak eta esne ekologikoak banatzeko programak indartzea.
- Elikadura-iruzurra prebenitzea eta kontsumitzaileen konfiantza indartzea, eta, horretarako, kontrol- eta ikuskapen-sistema indartzea.
- Trazabilitatea hobetzea. Ziurtagiri ekologikoak dituzten Europako ekoizle guztientzat datu-base bat garatzea. Datu-base hori beste herrialde batzuetara zabalduko da ondorengo etapa batean.
- Sektore pribatuaren laguntza erraztea. Batzordeak borondatezko konpromisoak dituen kode bat prestatuko du saltegi txikizkari, sukaldaritza-zerbitzu eta jatetxeentzat.
Sentsibilizazioa handitzeko, Batzordeak «Egun ekologikoa» antolatuko du, baita elikakate ekologikoaren bikaintasuna aitortzen duten sariak ere. Horrez gain, turismo ekologikoko sareen garapena ere sustatuko da «biodistrituen» bidez. Arlo horietan, nekazariek, eragile turistikoek, elkarteek eta agintari publikoek elkarrekin lan egiten dute tokiko baliabideen kudeaketa iraunkorra lortzeko, printzipio eta praktika ekologikoetan oinarrituta.
2. ardatza. Eskaintza
Eraldaketa sustatzea eta balio-kate osoa indartzea.
Praktika ekologikoekin lantzen den lur-proportzioa handitzeko, beharrezkoa da hornidura-kateko maila guztiak gehiago garatzea. Egitura egokiak ezarri behar dira tokiko ekoizpena eta banaketa-bide laburrak sustatzeko. Horrela, nekazariei aukera emango zaie produktu ekologikoen balio erantsiari etekin osoa ateratzeko. Horretarako, planak honako ekintza hauek proposatzen ditu:
- Praktika egokien eraldaketa, inbertsioak eta trukeak sustatzea.
- Sektoreen azterketak egitea merkatuaren gardentasuna handitzeko.
- Elikakatea antolatzen laguntzea. Batzordeak, sektorearekin batera, aztertuko du hornidura-kateen antolaketa nola hobetu eta ustiategi ekologikoen posizioa nola indartu.
- Tokiko ekoizle txikiak indartzea, eta, horretarako, zirkuitu laburretan merkaturatzea sustatzea.
- Arau ekologikoen arabera hobetzea animalien elikadura.
- Akuikultura ekologikoa indartzea.
3. ardatza. Ingurumen-iraunkortasuna
Nekazaritza ekologikoak iraunkortasunari egiten dion ekarpena hobetzea.
Nekazaritza ekologikoak ingurumena eta klima babesten laguntzeaz gain, lurzoruaren epe luzeko emankortasuna, biodibertsitate-maila handia, ingurumen ez-toxikoa eta animalien ongizate-estandar altuak babesten ere laguntzen du. Hala ere, Batzordeak uste du garrantzitsua dela forma berriak eta hobetuak aztertzea, nekazaritza ekologikoak ingurumenean duen eragina murrizteko. Horrela, sektore ekologikoak iraunkortasunari eta ingurumen-erronkei egiten dien ekarpena hobetuko da. Horretarako, planak honako ekintza hauek proposatzen ditu:
- Ingurumen- eta klima-aztarna murriztea. Klimarekiko positiboak diren nekazaritza-ustiategi ekologikoen sare bat sortuko da, praktika onenak partekatzeko eta karbono-aztarna gehiago murrizteko.
- Biodibertsitate genetikoa hobetzea eta errendimenduak handitzea.
- Sargai polemikoen eta bestelako produktu fitosanitarioen alternatibak garatzea.
- Animalien ongizatea hobetzea.
- Baliabideak modu eraginkorragoan erabiltzea. Batzordeak plastikoen erabilera murrizteko jarraibideak idatziko ditu eta uraren eta energiaren erabilera eraginkorra sustatuko du.
Ikerketaren eta berrikuntzaren esparruan, «Horizon Europe» programaren aurrekontuaren (nekazaritza-, basogintza- eta landa-eremuetakoa) % 30 gutxienez bideratu nahi da sektore ekologikoari dagozkion gaietara, hala nola laboreen errendimenduak handitzeari, biodibertsitate genetikoari edo sargai polemikoen alternatibei. Era berean, Batzordeak arau ekologikoen arabera animalien elikadura hobetzeko ikerketa eta berrikuntza ere sustatuko du. Adibidez, tokiko jatorria duten pentsuen eskuragarritasuna handitzean jarriko du arreta, baita proteinen iturri alternatibak bilatzean ere. Horri dagokionez, aurreikusi da 2022. urtean ekimen bat gauzatzea animalia ekologikoak hazteko lehengai alternatibo gisa algen ekoizpena sustatzeko.
Plana eta Nekazaritza Politika Erkidea (NPE, gazteleraz PAC)
Etorkizuneko NPEaren esparruan, produktu ekologikoei ematen zaien finantza-laguntza bigarren pilarearen bidez eskaintzen jarraituko dugu, eta, horretarako, beste finantzaketa-iturri bat erabiliko da ekoeskemen bidez. Gainera, NPEaren laguntzak jasoko ditu ekoizpen ekologikoaren arloko laguntza teknikoa eta praktika egokien eta berrikuntzen trukea. Nekazaritzako aholkularitza-zerbitzuak indartuko dira, bereziki, Nekazaritzak Ezagutza eta Berrikuntzako Nekazaritzako Sistemen (AKIS) parte gisa.
Halaber, estatu kideak animatzen ditugu ekoizpen ekologikoko ekintza-plan nazionalak garatzera, NPEaren etorkizuneko plan estrategikoak osatzeko eta nekazaritzatik eta NPEak eskaintzen duenetik haratago doazen neurriak ezartzeko. Batzordeak urtero ikuskatuko ditu plan nazional horiek, egindako aurrerapenak ebaluatzeko eta proposatutako neurriak ezarri ala ez eztabaidatzeko.
Hurrengo pausoak
Egindako aurrerapenak ikuskatzeko, Batzordeak urteko jarraipen-bilera publikoak antolatuko ditu Europako Parlamentuko, estatu kideetako eta alderdi interesdunetako ordezkariekin. Aurrerapenei buruzko txostenak bi urtean behin egingo dira eta 2023an berrikusiko dira, epearen erdian.