Ekonomia zirkularraren gakoak Euskadiko elikagaien eta edarien sektorerako
Duela gutxi IHOBEk txosten hau argitaratu du: “Ekonomia zirkularreko gakoen txostena. Elikagaien eta edarien sektorea”. Haren xedea da Euskadiko elikaduraren eta edarien industriako enpresen lehiakortasuna indartuko duten lan-ildoak sortzeko faktore eta metodologiak identifikatzea, ingurumen-ekimenetatik abiatuta.
Txostenaren hasieran arau- eta merkatu-faktore nagusiak (driver) biltzen dira, enpresen ingurumen-kudeaketaren garapenerako elementu motibatzaile gisa. Ondoren, enpresek aurrean dituzten erronkak identifikatzen dira, eta horiek driver izenekoen ondorioz sortzen dira. Jarraian, sektoreak erronkei erantzuteko eskura dituen tresnak jasotzen dira, eta, azkenik, balizko lan-ildoak definitzen dira, erronkak eta tresnak lotuz.
Enpresentzako arau-driver garrantzitsuenen artean daude pestiziden eta produktu fitosanitarioen erabilera-murrizketak, iraungitze-data eta lehentasunezko kontsumo-data etiketatzeko ezarriko diren irizpideak, produktuen informazio harmonizatua eta egiazkoa emateko betebeharra, ontziak birziklatzeko helburu berriak, baldintza onetan dauden produktu “itsusi edo inperfektuen” salmentaren sustapena edo elikagaien xahuketa ekidin edo murrizteko betebeharra, prebentzio-plan batean oinarrituta.
Beste erronka batzuen artean, “Hondakinen eta bigarren mailako lehengaien kudeaketari” buruzko gaietan, 2 izango lirateke jorratu beharreko kontu nagusiak (lan-ildoak ere aipatzen dira):
- Elikagaien xahuketa etetea balio-kate osoan.
- Elikagaien xahuketa ebaluatu eta kuantifikatzea.
- Elikagaiak birbanatzea dohaintza-sistemekin eta aprobetxatzeko estrategiekin.
- Zuzenean saltzea merkaturatze-kanal motzetan.
- Elikagaien kontserbazioa hobetzea.
- Aurrera egitea azpiproduktu eta hondakinen berrerabileran eta balorazioan.
- CO2 aprobetxatzeko prozesu berriak garatzea.
- Hondakinak balioztatzeko bioekonomia-estrategiak garatzea.