Johns Hopkins unibertsitateak eta Nutrizioa Hobetzeko Aliantza Globalak (GAIN), Harvard eta Michiganeko unibertsitateen, FAOren eta Nekazaritza eta Nutrizioko Praktikaren Komunitatearen (Ag2Nut) lankidetzarekin, elikadura-sistemen panela garatu dute. Panel horrek mundu-, nazio- eta eskualde-mailako elikadura-sistemen ikuspegi osoa izatea ahalbidetzen du, baita herritarren elikaduran eta osasunean duen eragina ikustea ere.

 

Panelak hainbat iturritako datuak erabiltzen ditu, gehienak kode irekikoak, eta elikadura-sistemei eragiten dieten 166 adierazle biltzen ditu. Adierazle horiek oso modu bisualean ikus daitezke mapa eta grafikoetan. Tresna horrek aukera ematen du hainbat elikadura-sistematan ditugun erronka eta aukerei buruzko informazio zehatza lortzeko. Adierazle eta datu berriak eskuragarri dauden heinean, panela eguneratu egingo da.

Elikadura-sistemak

Panelak elikadura-sistemen bost kategoria identifikatzen ditu ohiko patroiekin. Patroi horiek dinamikoak dira eta modu paraleloan egon daitezke herrialde bakar baten barruan; hauek dira patroien ezaugarriak:

  1. Landakoa eta tradizionala: ekoizle txikiek egindako nekazaritza, oinarrizko eta sasoiko laboreekin, gutxi dibertsifikatua eta nekazaritza-etekin txikikoa. Hornidura-kateak laburrak dira eta banatuta daude tokiko azoketan, denda txikietan eta kaleko salmenta-postuetan. Urtaroko prezioen aldaketak handiak izan ohi dira.
  2. Informalak eta zabaltzen ari direnak: baserriak ertainak dira, nekazaritza-produktibitatea handiagoa da eta elikagaien hornidura-kateak modernoagoak; hornidura-zentro zentralizatuak eta supermerkatuak daude, batez ere ale eta elikagai lehorrak saltzeko. Azokei beren horretan eusten diete, elikagai freskoak saltzeko. Elikagaien kalitate-estandar gutxi daude eta publizitatea ez dago araututa.
  3. Sortuberriak eta dibertsifikatuak: baserri komertzial ertainak eta handiak baserri txikiagoekin uztartzen dira. Hornidura-kate modernoen garapena hazi egin da elikagai galkorrentzat, eta elikagai prozesatu eta ultraprozesatuen eskuragarritasuna areagotu egin da; hala, inportazioen menpe egoten hasi dira. Elikagaien kalitatearekin eta segurtasunarekin lotutako arauak daude, eta nagusiki merkatu arautuetan aplikatzen dira, gobernuek ez baitute kontrol-gaitasun handiegirik. Herrialde batzuk hasi dira beren biztanleentzako jarraibide dietetikoak ezartzen.
  4. Modernizatua eta formalizatua: nekazaritza-porduktibitatea handiagoa da; baserriak handiagoak dira eta mekanizazioaren eta praktika intentsiboen behar handiagoa dute. Elikagaien hornidura-katearen azpiegitura garatuago dago eta supermerkatu-kate handiak daude, batez ere produktu prozesatuak eta ez-galkorrak saltzeko, nahiz eta produktu freskoak ere eskaintzen dituzten. Inportazioek garrantzi handia dute. Ohikoagoa da elikagaien kalitate- eta segurtasun-estandarrak zaintzea. Elikagaiak etiketatzeko eta elikagaien xahuketa murrizteko politikak martxan jartzen ari dira, batez ere hornidura-katearen bukaeran.
  5. Industrializatua eta finkatua: nekazaritza ekonomiaren zati txiki bat baino ez da; tamaina handiko baserri gutxi batzuk daude, zeinak ekoizpen intentsiboa egiten baitute eta nazio-mailako nahiz nazioarteko merkatu espezializatuei zerbitzu ematen baitiete. Merkatua finkatuta dago; nekazarien ekoizpena eskuratzen duten handizkako merkatariak daude eta hornidura-kateak luzeak dira (mota guztietako elikagaiak hornitzen dira, hala nazio-mailan nola nazioartean). Supermerkatuen dentsitatea handia da, eta “luxuzko” elikagaien txikizkako salmenta areagotzen ari da, baita kalitate handiagoko janarietan espezializatutako jatetxeak ere. Herrialde askok industriako trans gantz-azidoen erabilera debekatzeko politikak ezarri dituzte, eta elikagai prozesatuak birformulatzearen alde agertu dira, kontsumitzen den gatz-kantitatea murrizteko.

Noticias de interés