• ontzi | BASQUE FOOD PACKAGING Innovation Hub-ak Euskadiko elikagaien ekosistemako eta ontzien eta bilgarrien industriako 465 eragile baino gehiago ditu dagoeneko.
  • Bi sektoreen arteko lankidetzaren ondorioz, 26 berrikuntza-proiektu diseinatu dira elikagai-enpresen beharrei soluzioa emateko.
  • Eusko Jaurlaritzak finantzatutako ENVAS3S proiektuaren esparruan BASQUE FOOD CLUSTERek eta ELIKA Fundazioak sustatutako ekimena da.

Elikagaien balio kateko eta ontzien eta bilgarrien industriako 150 profesional inguru izan dira asteazken honetan Barakaldon (Bizkaia) ontzi | BASQUE FOOD PACKAGING Innovation Hub-ek antolatutako ‘Elikagaien Ontzien eta Bilgarrien Berrikuntzarako II. Topaketan’. Ekitaldiak, erreferentziazko adituek hainbat gai, hala nola berehala onartuko den ontziei eta ontzien hondakinei buruzko Europako legeria berria indarrean jartzeak elikagai-enpresentzat izango dituen ondorioak, ontzi jasangarriagoak sortzeko ekimen berriak edo birziklagarritasunaren etorkizuna, besteak beste aztertu dituzten kongresu gunea hartu du. Era berean, euskal elikagai-enpresaren beharrak konpontzeko duten gaitasunagatik hautatu diren eta topaketaz baliatuz packaging jasangarriaren arloko euren berrikuntzak aurkeztu dituzten  hogei enpresa eta zentro teknologikok baino gehiagok garatutako packaging soluzio berritzaileak erakusketa-gune batean bildu dira.

2023ko urrian sortutako ontzi EAEko elikagaien ontzi eta bilgarrien berrikuntza-komunitateak, elikagaien ekosistemako eta ontzi eta bilgarrien industriako 465 agente sartzea lortu du urtebete eta gutxian. Guztizkoaren % 32 elikagai-enpresak dira, % 21 material-enpresak eta % 10 ezagutza-eragileak (zentro teknologikoak, unibertsitateak, etab.). Gainerako % 40a erakundeen, klusterren eta elkarteen, ekipo-ondasunen enpresen, startup-en eta aditu partikularren artean banatzen da.

Berrikuntza-komunitate horren bidez, atxikitako eragileak elkarlanean ari dira soluzio berriak aurkitzeko, Euskadiko elikadura-katea ingurumen-erregulazioetara eta kontsumitzaileen eskakizunetara egokitzeko, elikagaien segurtasuna bermatuz eta enpresen lehiakortasuna sustatuz. Gainera, komunitateak aukera ematen du enpresek, batez ere ETEek, euren ontzietan eskatutako aldaketak ezartzerakoan dituzten zalantza teknikoak eta legalak argitzeko, eta arlo horretan soluzioak eskaintzen dituzten eragileen nazioarteko mapa jartzen du haien eskura.

ontzin parte hartzen duten eragileen lankidetzaren ondorioz, lankidetza-berrikuntzako 26 proiektu diseinatu dira, enpresa parte-hartzaileek euren behar zehatzei soluzioa eman ahal izateko. Ildo horretan, enpresek beraiek identifikatutako hiru erronka nagusiak hauek dira: ontzietarako soluzio jasangarriagoak ezartzea, elikagaien bizitza baliagarria ingurumenean inpaktu txikiagoa duten materialekin mantentzea, eta ontzi forma berrien bidez kontsumo-esperientzia hobetzea. Proiektuek 2 milioi eurotik gorako finantzaketa eragin dute, euskal elikagai-enpresak ontzien kudeaketa modu seguruan, jasangarriagoan eta lehiakorragoan hobetu ahal dezan.

 

Lege-esparrua, enpresa aurreratuen esperientziak eta soluzioen azoka

Jardunaldiari ongietorri instituzionala Arantza Madariaga Elika Fundazioko zuzendariaren eta Iker Iglesias Eusko Jaurlaritzako Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariaren eskutik etorri da eta ontzi eta antzeko ekimenak babestearen garrantzia azpimarratu dute: “Elikadura, Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailetik uste dugu lankidetza publiko pribatua elikatzen jarraitu behar dela, jasangarritasunaren erronka garrantzitsuei aurre egiteko, bai eta euskal elikadura-katea osatzen dugunok aurrean ditugun beste erronka batzuei ere. Horregatik, beste esparru batzuetan ere helburuak lortzeko itun berriak bilatu behar dira”.

Ondoren, Juan José Pernas Coruñako Unibertsitateko Administrazio Zuzenbideko irakasle eta ECOBASeko ikertzailearen hitzaldi teknikoa izan da. Ekonomia zirkularrerako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko 7/2022 Legeari buruzko azterketan, dibulgazioan eta aholkularitzan aditua da, eta Europar Batasunaren arlo horretako alderdirik nabarmenenak eta azken lege-berrikuntzak ezagutzera emateaz arduratu da. Juan José Pernas bera izan da arau-aldaketa horri berrikuntzatik heltzeko irekitako aukeretan zentratutako ondorengo mahai-inguruaren moderatzailea. Bertan parte hartu dute Felipe Vicente Hernandezek (Tosca), María Segura de la Mojak (ACES – Espainiako Supermerkatu Kateen Elkartea) eta Pedro Zomenok (Ainia).

Ondoren, ekonomia zirkularraren oinarri diren 3 ardatz nagusietan, Murrizketan, Berrerabilpenean eta Birziklapenean, oinarritutako hiru mahai-inguru egin dira. Lehenengoa Nuria Herranzek (ITENE) gidatu du, eta packagingean erabilitako material kantitatea murrizteko kasu praktiko eta arrakastatsuak erakusteko balio izan du, Solán de Cabras / Mahou San Miguel Taldeko I+G departamentuko Claudia Sanchoren, Pack2Earth startup-eko Jorge Garcíaren eta Gipuzkoako Pack2Earth enpresako Ibon Aseginolazaren eskutik.

Belén Garcíak (Packnet) moderatu duen bigarren mahaian ontziak eta bilgarriak berrerabiltzeko soluzio berritzaileak ezarri dituzten enpresen bi adibide azaldu dira. Eva de la Torreren (New ERA – European Reuse Alliance) eskutik, Frantziako supermerkatuetako kate batzuetan egiten ari diren ontziak biltegiratzeko sistemaren proba pilotuaren xehetasunak ezagutu ahal izan dira. Eta Leonor Blázquezek (González Byass) eta Aleix Núñezek (Torres familia) Ecovidriorekin batera Bartzelonako ostalaritzako ardo-botilak berreskuratzeko egiten ari diren aurrerapenak partekatu dituzte. Ardo-botilak birziklatzeko ohiko ereduaren aurrean sistema zirkular horren bideragarritasun teknikoa, ekonomikoa eta ingurumenekoa ebaluatzeko balioko duen proiektua (REBO2VINO) da.

Birziklagarritasunaren mahaian, eta Rafael Miguelen (Gaiker) eskutik, bertaratutakoek jakin ahal izan dute elikagaien sektoreko enpresak euren packagingetako hobekuntzak merkatura eramaten ari direla, horien birziklagarritasuna errazteko. Mahaian, Eva Navascués (Alma Carraovejaseko I+G zuzendaria), Maite Ilundain (Goshua Postreetako Marketin eta Komunikazio zuzendaria) eta Leyre Arce (Consorcio Taldeko Marketin eta Berrikuntza arduraduna) izan dira.

Jon Ander Egaña BASQUE FOOD CLUSTEReko zuzendari nagusiak itxi du ekitaldia, plataformak martxan jarriko dituen hurrengo mugarriak gogoraraziz. Hemendik urte amaierara bitartean, ontzik hainbat ekimen sustatuko ditu: elikagaien ontzien jasangarritasuna hobetzeko legeei, teknologiei eta gakoei buruzko online ikastaro bat; ontzien eta ontzien hondakinen arloan 2025eko urtarrilaren 1ean indarrean sartuko den legeria berriaren gakoei buruzko webinar bat; eta elikagai-enpresen, enpresa bideratzaileen eta Zentro Teknologikoen arteko lankidetza-proiektuak aktibatzea helburu duen tailer bat. Ildo horretan, bi proiektu-proposamen berri aurkeztu dira: SAFEPACK, Mondragon Unibertsitatea buru den eta EROSKI, Ausolan, Plastigaur edo Sodesa enpresek eta Gaiker eta Tekniker zentro teknologikoek ere parte hartzen duten zeharkako ekimen bultzatzailea; eta BIRCIRCULAR, elikagai-enpresari elikagaien ontzien kudeaketa ebaluatzen eta hobetzen laguntzea helburu duen proiektua, birziklagarritasuna eta araudia betetzea bermatuz, soluzio tekniko-legal pertsonalizatuen bidez. 2025erako, elkarteko gerenteak zerbitzu berriak aktibatzen jarraitzeko eta elikagai-enpresei euren ontzien kudeaketa hobetzen laguntzeko konpromisoa hartu du, Itun Berdearen barruan sartzen den erregulazio berri eta zorrotzarekin lerrokatuta.

Jardunaldi profesionalarekin batera, topaketak erakusketa-gunea hartu du eta elikagai-enpresen, ontzien industriaren eta zentro teknologikoen arteko B2B topaketak bultzatu ditu: Ainia, ATS-Tanner Bandig Systems, Cefalux, Corplex, Coverpan, Dassault Systèmes, Fibtray, Futamura, Gaiker, Groupe Gascogne Flexible, Inka Palet, ITENE, JB Packaging Group, Pack2Earth, Plastigaur, Re-uz, Roen Plastic, Saizarlan, Smurfit Westrock, Talpack, Tecnalia, Titan Ecosotenible eta Vrizzok euskal elikagai-enpresari euren packaking jasangarri soluzioak hurbiltzeko baliatu dute antolatutako ‘Elikagaien Ontzien eta Bilgarrien Berrikuntzarako II. Topaketa’.