2024ko azaroaren 29an, Genovan egin zen Codex Alimentarius 47. bilkuraren esparruan (CAC47), FAOren “Food safety un a circular economy” ekitaldia egin zen, nekazaritzako-elikagaien ekoizpenean zirkulartasun-praktikak ezartzerakoan kontutan hartu beharreko elikadura-segurtasun alderdiei buruzko eztabaida pizteko.

FAOk jardunaldiaren edukia laburbiltzen duen dokumentu bat argitaratu du, eta zirkulartasun-praktiken aplikazioan elikadura-segurtasunerako arrisku hauek antzeman ditugu:

  • Nekazaritzan berrerabilitako eta birziklatutako uraren kalitatearen ebaluazioak, mikroorganismo patogenoek laboreen kutsadura prebenitzen lagun dezake. Kutsatzaile kimikoek elikagaien segurtasunean duten eragina ulertzen ari gara, eta kutsatzaile horien hondakinak elikagaietan amaitzeko aukerak ebaluazio arduratsua eskatzen du. Gainera, antimikrobianoekiko erresistentzia-geneak (RAM) gizakiei transferitzeko arrisku potentziala azaleratzen ari den arazoa da.
  • Elikagai-hondarrak eta -azpiproduktuak birbanatzeko, birziklatzeko edo berrerabiltzeko, beharrezkoa da elikadura-hondakinak konpostatzeko sistemak behar bezala kudeatzea, patogenoak ezabatzeko. Elikagai-hondakinetan elikadurakoak ez diren hondakinak egon daitezkeela kontutan hartzea komeni da, eta horrek elikagai-laboreek hondakin horiekin sortutako konpostetik datozen gehigarri plastikoak xurgatzeko arriskua dakarrela. Herrialde askotan badira konposta higienizatzeko arauak. Mikroplastikoen arriskuak oraindik ez dira erabat ulertzen; aitzitik, elikadura-hondakinen tratamenduan antibiotikoekiko erresistentzia-geneen (ARG) portaeraren ebidentzia oraindik kontrastatzeke dago.
  • Ontzi berrerabilgarriak, plastikozko birziklapenaren azelerazioa eta bilgarri seguruen eta jasangarrien alternatiben garapena, elikagaien ontzien birdiseinuaren ondorioz, kontu handiz inplementatu behar dira, elikagaien segurtasuna arriskuan ez jartzeko.
  • Ekoizpena dibertsifikatzen duten eta beste praktika jasangarri batzuk gauzatzen dituzten nekazaritza-sistema integratuek aukera ematen dute agrokimikoen erabilera murrizteko, izurriteen eta gaixotasunen kontrol naturalari esker. Hala ere, bestelako arriskuak egon daitezke hainbat animalia-espeziek lur-azalera bera hartzen dutenean, bereziki simaurraren edo gorotzen mende dauden sistemetan, mantenugai-iturri gisa, edo ganadu-simaurra erabiltzen duten akuikultura-sistemetan. Patogenoak elikagaietara transferitzea modu eraginkorrean prebenitu daiteke nekazaritza-sistemetan, ingurune kontrolatuetan.

Jardunaldia amaitzeko, FAOk gogoeta hauek egin zituen:

  • Sortzen ari diren gaiak identifikatzea, arriskuen ebaluazio azkarra oinarritzeko eta, ondoren, erabakiak hartzeko prozesuaren jarraipena egiteko.
  • Arriskuen kudeaketa eta erabakiak hartzea garai aldakorrekin guztiz bat datozela ziurtatzea, eta malguak izan daitezkeen esparru eta politikak sortzea.
  • Kontsumitzaileak ekonomia zirkularrari buruzko eztabaidetan zentratuta mantentzea, informazio-iturri fidagarriak ezagut ditzaten.
  • Elikagaien segurtasuna iraunkortasunarekin eta etekin ekonomikoarekin batera behar bezala aintzat hartzen dela ziurtatzea.