Nekazaritzako elikagaien sistema jasangarriak

Elikadura-sistema iraunkor bat “elikagaien segurtasuna eta pertsonen nutrizioa bermatzen dituen hori da, datozen belaunaldien elikagaien segurtasuneko oinarri ekonomikoak, sozialak eta ingurumenekoak arriskuan ez jartzeko moduan”. (HLPE, 2014).

Gero eta aberats eta urbanizatuagoa den munduko biztanleriaren elikadura- eta nutrizio-beharrak artatzeko, eta aldi berean baliabide natural eta produktiboak zaintzeko, elikadura-sistemek aldaketak izan behar dituzte beren ekoizpen-ereduetan eta kontsumo-patroietan, baliabideen erabileran efizientzia handiagoa eta elikagaien kontsumoan eraginkortasun eta ekitate handiagoa lortzeko, sistema dieta iraunkorragoetara bideratzeko.

FAOk ezartzen duenaren arabera, garrantzitsua da alderdi sozial, ekonomiko eta ingurumenaren arlokoak modu orekatuan jorratzea, iraunkortasuna bermatze aldera. Alderdi horietako bat behar bezala zaintzen ez bada, baliteke besteetan iraunkortasuna ez lortzea.

Azken hamarkadetan, gero eta gehiago dira mundu-mailan iraunkortasun-oharrak beren elikadura-politiketan txertatzen hasi diren herrialde eta eskualdeak. Ohar horien artean barne hartzen dira, adibidez, honako hauek:

Tokiko elikagaiak lehenestea

Sasoiko produktuak hautatzea

Elikagaien xahuketa murriztea

Arrantzako modalitate eta erreserba iraunkorretako arraina kontsumitzea

Produktu ekologikoen ekoizpena eta kontsumoa sustatzea

Nagusiki landare-jatorriko elikagaietan oinarritutako elikadura areagotzea eta haragia modu orekatuan kontsumitzea

Osoki prozesatutako elikagaien, edari azukretuen eta abarren ingesta murriztea

Bestetik, 2015eko irailaren 25ean, munduko liderrek helburu globalen multzo bat adostu zuten, pobrezia desagerrarazi, planeta babestu eta guztion oparotasuna bermatzeko, Garapen Iraunkorreko Agenda berriaren (GIH) baitan. Helburu bakoitza datozen 15 urteko epean erdietsi beharreko xede espezifikoz osatzen da.

Era berean, politika- eta gobernu-estamentu nagusietatik lanean ari dira ekonomia zirkularraren kontzeptuan eta filosofian. Ekonomia zirkularraren helburu nagusia produktu, osagai eta materialen balioa ekonomiaren barruan ahalik epe luzeenean mantentzea da. Horiek horrela, ekoizpen- eta kontsumo-sistema eraginkorragoak lortzera bideratuta dago, birsortzen diren ziklo jarraituei esker. Modu horretan, lehengaien eta energiaren kontsumoa eta ekoizpen-prozesuetan hondakin eta emisioen sorrera murriztea lortzen da. 

Ekonomia zirkularra aplikatzeko, ikuspegi aldaketa egin behar da enpresa-esparruan, lurralde-esparruan eta esparru indibidualean, ekoitzi eta kontsumitzeko modua birpentsatuz. Testuinguru horretan, Europako Batzordeko Ekonomia Zirkularraren Paketeak ekonomia zirkularreko estrategiak sustatzen ditu zeharka, Europako ekonomiaren lehiakortasuna eta erresilientzia indartzeko helburuarekin.

Euskadiko ekimenak

Autonomia-erkidegoaren esparruan, hainbat plan eta jarduketa garatzen ari dira elikadura-sistemaren iraunkortasuna hobetzeko asmoz (Esparru Estrategikoa). Elika ere ildo horretan lanean ari da, elikadura-estrategi hauetan parte hartuz, kasu batzuetan sustapen-lana eta beste batzuetan kolaborazio-lana eginez: