Elikadura Zirkularra

“Elikadura zirkular” esaten diogu nekazaritzako elikaduren sektoreari bereziki aplika dakizkiokeen ekonomia zirkularreko estrategiei.

EBk produktuen ekoizpenaren eta kontsumoaren inguruan sustatutako ekonomia zirkularraren ereduak xede du produktuen eta materialen balioari ahalik eta denbora gehienez eustea. Eredu horretan, hondakinak eta baliabideen erabilera ahalik eta gehien murrizten dira, eta, produktu bat bere balio-bizitzaren amaierara iristen denean, baliabideak ekonomiaren barruan kontserbatzen dira, behin eta berriro berrerabiltzeko eta balioa sortzen jarraitzeko.

2018an, Europako Batzordeak Ekonomia Zirkularrari buruzko Pakete berri bat ezarri zuen, Europa ekonomia zirkularrerantz bideratzeko asmoz, hartara mundu-mailako lehiakortasuna sustatzeko, ekonomia-hazkunde iraunkorra bultzatzeko eta lanpostu berriak sortzeko.

Ekonomia zirkularra Euskadin

Eusko Jaurlaritza, IHOBE sozietate publikoaren bidez, “Euskadiko Ekonomia Zirkularrerako Estrategia 2030” burutzen ari da, eta laster argitaratuko da.

Estrategia horren xedea da Euskadi ekonomia zirkularrago baterantz bultzatzea, berrikuntzaren, ekintzailetzaren eta lankidetza-eredu publiko-pribatu baten bidez. Azken horretan, herritarrek, enpresek eta administrazioek batera egingo dute lan, helburu bera lortzeko.

Estrategiak honako 12 erronka hauek barne hartzen ditu:

  1. erronka: negozio-eredu zirkularragoen sorkuntza sustatzea.
  2. erronka: material, prozesu eta produktu berriak erabiltzea.
  3. erronka: araudi-aldaketak eta merkatuko joerak aurreratzea.
  4. erronka: produktuen balio-bizitza luzatzea.
  5. erronka: produktuen bigarren bizitza sustatzea.
  6. erronka: lehengaien kontsumoa murriztea eta horien ordez material berriztagarriak erabiltzea.
  7. erronka: hondakin gutxiago sortzea.
  8. erronka: kontsumo-eredu zirkularragoa sustatzea.
  9. erronka: elikagaien xahuketa murriztea.
  10. erronka: plastikoen erabilera mugatzea.
  11. erronka: hondakinen berrerabilera, birziklapena eta berreskurapena areagotzea.
  12. erronka: bigarren mailako lehengai gehiago erabiltzea.

Elika estrategiaren bultzatzaile gisa lan egiten duen Gobernu Talde Teknikoko kide da. Horrez gain, Elika arduratzen da “7. jarduketa-lerroa: elikagaien xahuketa” sustatzeaz.

7.1. Herritarrak kontzientziatzea elikagaiak kontsumitzeko eredu arduratsuagoaren inguruan eta prozesu hori haurren eta gazteen artean hastea, hezkuntza-sistemaren bidez.

7.2. Kontsumitzaileek elikagai-soberakinak aprobetxa ditzaten eta/edo soberakin gehien sortzen dituztenek dohaintzan eman ditzaten bultzatzea.

7.3. Lehen sektoreko eta nekazaritzako elikagaien sektoreko azpiproduktuak modu berritzailean (adibidez, beste sektore batzuetarako lehengai gisa) erabil daitezen sustatzea.

Bestetik, IV. Ingurumen Esparru Programaren barruan, 5. Proiektu Giltzarria elikadura zirkularrari buruzkoa da.

Proiektu giltzarri horren helburua Euskadiko lehen sektorearen ingurumen-funtzioari balioa eta garrantzia ematea da, Euskadin elikaduraren balio-katearen ziklo osoa aprobetxatzearen bitartez (ekoizpena, eraldaketa, salmenta, berrerabilpena, eta azpiproduktu eta hondakinen balioztatzea), hala, kapital naturala indartzeko, ekosistemen zerbitzuak aktibatzeko, pertsonen osasuna hobetzeko eta nekazaritzaren garapen jasangarrian oinarritutako enplegu-sorrera mesedetzeko.

EKIMENAK

5.1 Merkaturatzeko zirkuitu laburrak sustatzea eta tokiko nekazaritzako elikagaiak bereiztea.

5.2 Elikagaien ekoizpen iraunkorrari buruzko ikerketa-ildoak zehaztea eta lehenestea.

5.3 Jantoki kolektiboetan tokiko produktuak txertatzeko esperientziak abiaraztea.

5.4 Euskadiko Nekazaritza Ekologikoaren Sustapenerako Plana gauzatzea: FOPE.

5.5 Nirea ekimena.

5.6 Elikagaien xahuketa.