Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak (MAPA) elikagaien alferrik‑galtzea kuantifikatzeko batzordearen bidez jasotako datuen arabera, 2018ko urtarriletik abendura bitartean, Espainiako etxeetan 1.339 milioi kg/l elikagai eta edari alferrik galdu ziren; hau da, aurreko urtean baino % 8,9 gehiago (109 milioi kg/l izan ziren).

 

MAPAk argitaratutako prentsa-oharraren arabera, alferrik galdutako janariaren tasa osoa, hau da, erositako elikagai guztien eta bota direnen arteko proportzioa, % 4,6 da; hau da, 2017an baino % 0,3 gehiago.

 

Zaborretara botatako elikagai guztien bolumen osotik 1.127 milioi kg/l erabili gabeko produktuak izan dira; 212 milioi, berriz, prestatutako elikagaiak (errezetak) izan dira. Ikus daitekeenez, errezeten zatia alferrik galdu den bolumen osoaren % 15,8 baino ez da.

 

Erabiltzen ez diren produktuen artetik, gehien alferrik galtzen direnak frutak, ortuariak eta barazkiak dira (erabili gabeko produktuen bolumenaren % 46); jarraian, esnekiak (% 13) daude. Ordea, murriztu egin da alferrik galtzen den ogia (% 5) eta arraina (% 2,3).

 

Prestatutako elikagaiei dagokienez, lekaledun platerak, saldak, kremak eta pureak, haragidun platerak eta arrozdun platerak dira zaborrontzira gehien botatzen direnak. Atal honetan, gehien alferrik galtzen diren elikagaiak dilistak, entsalada berdea eta patata-tortilla dira.

 

Halaber, 10 etxetatik 8tan onartzen dute elikagaiak eta edariak zaborretara botatzen dituztela. Hain zuzen, etxeen % 81,5etan produktuak erosi bezala botatzen dituzte, inolako eraldaketarik gabe. Erabili gabeko produktuak gehien alferrik galtzen dituztenak 49 urte arteko kideak dituzten familiak, 6 urtetik beherako haurrak dituztenak edo seme-alabarik gabeko bikoteak dira.

 

Geografiari dagokionez, Andaluzia da erabili gabeko produktu gehien alferrik galtzen dituen eskualdea, eta horren atzetik, Levante, Madrilgo eskualde metropolitanoa, penintsularen ipar-ekialdea (Katalunia eta Aragoi), penintsularen ipar-mendebaldea, penintsularen erdialdea eta Bartzelonako eskualde metropolitanoa.