Elikagaien xahuketaren aurkako astea Euskadin

Semana_ NO Despilfarro alimentario-01

FAOren arabera, munduan ekoizten diren elikagaien herena alferrik galtzen da, gutxi gorabehera. Datu hori Euskadira ekarrita, 350.000 tona elikagai alferrik galdu edo xahutu egiten dira urtero.

Elikagaigintzan, baliabide asko eta kantitate handietan erabili behar dira, eta horrenbestez, eragin nabarmenak ditu ingurumenean.  

Horrexegatik, kontsumitu ez diren elikagaiak zaborrera botatzen ditugunean, baliabideak xahutzen ari gara, besteak beste, lurra, ura eta energia. Gainera, inolako arrazoirik gabe kutsatu dugu ingurumena, eta berotegi-efektuko gasak (BEG) igorri dira atmosferara. Horregatik guztiagatik, elikagaien xahuketari berehala heldu behar zaio gizartearen esparru guztietatik, are gehiago egun bizi dugun larrialdi klimatikoaren testuinguruan.

Halaber, ez dugu ahaztu behar munduan 850 milioi bat pertsonak gosea pasatzen dutela eta xahututako elikagaien laurdena nahikoa litzatekeela beren elikadura-beharrizanak asetzeko.

Zergatik egin elikagaien xahuketaren aurkako astea Euskadin?

Iazko urrian, Elikagaien Xahuketaren aurkako Euskadiko Plataforma sortu zen Eusko Jaurlaritzaren Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Industria Sailburuordetzaren menpeko ELIKA FUNDAZIOAren koordinazioaren laguntzarekin. Bertan, EUDEL eta beste 60 erakunde publiko eta pribatu sartu ziren.

Halaber, apurka-apurka Euskadin egiten den elikagaien xahuketa murriztera bideratutako Ekintza Planean zehazten joan dira orduan publikoki aurkeztu ziren jarduketa-ildoak. Gaur-gaurkoz ezarpen-fasean dago plan hori. Horrez gain, plan horrek bat egiten du Euskadi Basque Country 2030 Agendarekin.

Momentu hartan EUDELek ordezkatzen zituen euskal udalerri guztiak sortu berri zen plataforma horretan (hiru hiriburuak ere bertan integratu ziren), baina uste dugu udalerri eta Udal bakoitzak aurrerapausoa eman eta plataforman ahots propioarekin sartzeko momentua dela hau.

Zentzu horretan, eta gure Plataforman aktiboki bilduta dauden erakundeen kopurua handitze aldera, Euskadin Elikagaien Xahuketaren aurkako Astea ospatzeko proposamena egiten dizuegu, abenduaren 9tik 15era.  

Gabonen aurreko egun horiek oso egokiak dira, gure ustez, herritarrak kontsumo arduratsuaren gainean sentsibilizatzeko, erosketa arduratsu eta planifikatuak egin ditzaten, elikagaien xahuketa murrizte aldera.

Horregatik guztiagatik, pentsatu dugu onena izango zela Euskadiko Udalei idaztea aste horretan ekintzaren baten bitartez parte hartzera eta gure Plataformako kide bihurtzera gonbidatzeko.

Plataformara atxiki nahi baduzue, bidali mezu elektroniko bat nodespilfarro@elika.eus helbide elektronikora eta izapideak abiatu eta zuen interesekoak izango diren hainbat elementu igorriko dizkizuegu; besteak beste, aste horretarako espresuki sortu dugun logoa, ekintzetarako ideiak eta abar.

  • Elikagaien Xahuketaren aurkako Astea Euskadin izeneko kanpainaren banerra balkoi korrituetan, fatxadan edo erraz ikus daitezkeen tokietan jartzea.
  • #0despilfarroastea traola erabiltzea.
  • Xahuketaren aurkako logoa/xahuketaren aurkako astearen harira sortutako banerra erabiltzea udal-jakinarazpenetan (mezu elektronikoak, sare sozialak, etab.)
  • Asteari buruzko banerra (edo poster bat) jartzea jantoki instituzionaletan, merkatuetan, etab.
  • Indarrean dauden tokiko egitasmoak identifikatzea eta ikusgai jartzea.
  • Elikak sortutako 12 ekintzen eskuorri digitala zabaltzea.
  • Lehiaketak antolatzea: besteak beste, elikagaien xahuketaren aurkako ekintzak erakusten dituzten argazkiak eta soberakinak aprobetxatzeko errezetak.
  • Hitzaldiak, tailerrak, erakusketak
  • Elikagaien xahuketari buruzko ikus-entzunezko baliabideen berri ematea.
  • Herritarrei zuzendutako kontzientziazio-kanpainak egitea.
  • 2020an ekintzak egiteko konpromisoa hartzea eta proposamen zehatzak aurkeztea (tailerrak antolatzea ikastetxeetan, informazio-materiala prestatzea, tokiko jatetxeetan tupper eta doggy-bag motako ontzien erabilera sustatzea, etab.)
  • Gaiarekin lotura duen beste edozein ekintza.