Europa iparraldeko proiektu baten harira, elikagaien etiketetan gutxieneko iraupen-data adierazten hasi dira, ahalik eta elikagai gutxiena gal daitezen alferrik. Proiektua hazkunde berdearen egitasmoaren parte da, zeinak ekarpena egiten baitio ekonomia zirkularraren lanari.

Proiektuaren helburu nagusia zen elikagaien etiketetako gutxieneko iraupen-dataren adierazpena hobeto erabil dadin sustatzea, elikagaien kaltegabetasuna arriskuan jarri gabe. Orain, proiektuari buruzko txostena argitaratu da. 

 

Elikagaien etiketak kontsumitzaileari emandako informazioari buruzko 1169/2011 (EB) Araudiaren bitartez arautzen dira. Araudian esaten da beharrezkoa dela elikagaien gutxieneko iraupen-data adieraztea. Mikrobiologikoki erraz hondatzen diren elikagaien kasuan (aintzat hartuta horrek giza osasunerako berehalako arriskua eragin dezakeela), gutxieneko iraupen-dataren ordez iraungitze-data jarriko da.

Datak honela adieraziko dira:

“ahal dela, kontsumitu … baino lehen”, datan eguna adierazten denean.

“ahal dela, kontsumitu … amaitu baino lehen”, gainerako kasuetan.

Nolanahi ere den:

Elikagaien iraupena hiru hilabetetik beherakoa bada, nahikoa izango da eguna eta hilabetea adieraztea.

Elikagaien iraupena hiru hilabetetik gorakoa baina hemezortzi hilabetetik beherakoa bada, nahikoa izango da hilabetea eta urtea adieraztea.

Elikagaien iraupena hemezortzi hilabetetik gorakoa bada, nahikoa izango da urtea adieraztea.

 

Ikerketan eginiko kontrolen emaitzek diote data behar bezala adierazten dela etiketetan. Hala ere, agerian utzi zuten, era berean, alde handiak daudela hoztutako produktuen iraupenaren kalkuluan. Elikagai-kategoria bakoitzaren barruan, iraupena nabarmen aldatzen zen, eta produktu talde batzuetan desberdintasunak zeuden gutxieneko iraupen-dataren adierazpenean.

Emandako orientazioen arabera, ekoizleen ardura da produktuaren kalitateari, ekoizpen-prozesuari eta bilgarriaren ezaugarriei buruzko ebaluazio bat egitea, etiketan adierazitako data ahalik eta gehiena bat etorri dadin produktuaren bizitza erabilgarriarekin eta, horrela, ez daitezen alferrik galdu lasai asko kontsumi litezkeen elikagaiak.

Gainera, aholkuak eman dituzte kontsumitzaileentzat, jakin dezaten ea elikagaia kontsumi dezaketen behin kontsumo lehenetsiaren data (inoiz ez iraungitze-data) igarota.

Ondorioak:

• Kontsumo lehenetsiaren data arreta handiz ezarri behar da, eta iraungitze-data elikagai oso galkorretan baino ez da ezarri behar.

• Elikadura-industriari, txikizkariei eta kontsumitzaileei informazio gehiago eman behar zaie etiketetan adierazten diren datei eta elikagaien iraunaldiari buruz, bai eta elikagaien biltegiratzeari eta manipulazioari buruz ere, oinarrizkoa baita elikagaiek iraun dezaten.

• Ezinbestekoa da elikagai galkorrentzako tenperatura egokitzen saiatzea.

• Europa iparraldeko proiektuaren taldeak gomendatzen du arrautzak beste edozein elikagai bezala arautzea.

 

 

Food waste and date labelling–2017