Elikakatearen funtzionamendua hobetzeari buruzko abenduaren 14ko 16/2021 Lege berriak funtsean aldatzen du abuztuaren 2ko 12/2013 Legea, batik bat ekoizlearen eta eroslearen arteko merkataritza-harremanari dagokionez.

16/2021 Legearen berritasuna da ekoizlearen eta eroslearen arteko merkataritza-harremanerako irizpideak ezartzen dituen kontratu-dokumentu bat egon behar izatea eta beharrezkoa izatea agiri hori transakzioa gauzatu aurretik egotea. Hainbat alderdi arautzen dira kontratuaren edukiari, gutxieneko informazioari, derrigortasunari, eta abarri buruz; hala ere, besteak beste, nabarmentzekoa da produktuaren salmenta-prezioak inoiz ezin duela izan ekoizpen-kostuak baino baxuagoa.

Era horretan, 16/2021 Legeak Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2019ko apirilaren 17ko 2019/633 (EB) Zuzentarauan (nekazaritzako eta elikadurako produktuen hornidura-katean enpresen arteko harremanetan azaltzen diren merkataritzako jardunbide desleialei buruzkoa) ezarritakoa ekartzen du hemengo araudira.

MAPAk dibulgazio-ohar bat egin du berriki ekoizpen primarioan parte hartzen duten agenteentzat. Dokumentu horretan 10 galdera-erantzun lantzen dira lege berriko puntu nabarmenenak errazago ulertzeko.