2013an EBko egokitzapen-estrategian aurreikusitakoa baino premiazkoagoa da EBko herrialdeak eta sektore ekonomikoak egokitzea. Horixe da, hain zuzen ere, Batzordeak lortutako emaitza nagusietako bat. Emaitza horiek duela gutxi argitaratu den estrategiaren ebaluazioan daude.

Uste da premiazkoa dela estatu kideek erreakzionatzea, berotegi-efektuko gasen isuria murrizteko, eta testuinguru horretan aurrera egin behar dute Parisko Itunak eta klima- eta energia-politikek. IPCCren gobernu arteko txostenak, duela gutxi argitaratuak, agerian uzten du tenperaturak dagoeneko 1ºC gora egin duela giza jardueraren ondorioz, eta 2030erako 1,5ºC igoko dela gaur egungo isuri-erritmoari eusten bazaio.

Klima-aldaketara egokitzeko EBren 2013ko estrategiak klima aldetik Europa erresilienteagoa iradokitzen zuen, hiru helburu nagusirekin:

  • Estatu kideek ekintzak sustatzea
  • Europa-mailan “klima aldetik erresistenteak diren” ekintzak
  • Erabakiak hartzea ezagutza handiagoan oinarrituta

Honako hauek dira Batzordeak egindako helburu horien ebaluazioaren emaitza nagusiak:

  • Estrategiak garrantzitsua izaten jarraitzen du, eta Batzordeak helburuei jarraituko die. Oso ikasbide garrantzitsuak ikasi dira ebaluazio-prozesuan. Estrategia erreferentzia-puntua da Europa maila guztietan prestatzeko etor daitezkeen klima-inpaktuen aurrean.
  • Horizonte 2020 ikerketa-programak eta Batzordearen barneko zientzia-zerbitzuen proiektuek ezagutza sortu dute, baita egokitzapen-ereduak eta berariazko ulerkuntza ere herrialde-mailan.
  • EBren aurrekontuaren bidez finantzatutako azpiegituren proiektu gehienak klimarekiko proiektu erresistente bihurtu dira, iraun egingo dutenak, itsasoaren mailaren igoera, uholdeak edo bero handia gorabehera.
  • Etorkizunean, ahalegin handia egin beharko da ziurtatzeko EBko hiri gehienek izango dutela herritarrak muturreko klima-arriskuetara zein garapen moteleko arriskuetara egokitzeko plan zehatza.
  • Egokitzapenak EBren biodibertsitatearen babesaren alde egin behar du eta babes horretan oinarritu behar du (naturan oinarritutako irtenbideak).
  • Sektore pribatuaren ekarpena sustatu behar da gizartearen erresilientzia sendotzeko. Batzordeak bere ahalegina Garapen Jasangarria Finantzatzeko Ekintza Planaren eta 2018ko lege-proposamenen bidez bideratuko du.
  • Berariazko egokitzapenerako klima-zerbitzuek garatu egin behar dituzte, batetik, konfiantzazko informazio estandarizatuan oinarritutako negozio-aukerak, eta, bestetik, Copernicusek eta Lurra Behatzeko Europako Programaren beste ekimen batzuek aurreikusitako pizgarriak.

Ebaluazio-paketeak estatu kide bakoitzaren egokitzapen-estrategietarako ebaluazioak biltzen ditu (edo estrategia horietara eramaten duten prozesua, estrategia horiek oraindik onartu ez badira).