FAOren eskuliburua elikagai-sistema jasangarrietan berrikuntzak egiteko
Etorkizuneko belaunaldien elikagai-segurtasuna bermatzeko, beharrezkoa da nekazaritzako elikagai-sistemak eredu jasangarriago batera bideratzea eta tokiko esparrua hartzea trantsizio horren ardatz. Jasotako jakintzaren sozializazioa eta garatutako esperientzien ikusgarritasuna ezinbestekoak dira estrategia jasangarri berrietan aurrera egiteko.
Premisa horretan oinarrituta, FAOk “Facilitar los sistemas alimentarios sostenibles: manual para innovadores” eskuliburua argitaratu du. Xedea da inspirazio-iturri izatea elikagaiak modu jasangarrian landatu, partekatu, saldu eta kontsumitzeko ekimenak sustatu nahi dituzten pertsona berritzaileentzat.
Eskuliburuak lau atal nagusi ditu:
- Lehenak kontsumitzaileen konpromisoa nola lortu jorratzen du, eta honako 3 gako hauek hartzen ditu abiapuntutzat: kontsumitzaileak erakartzea eta euren konpromisoa lortzea; gure merkatuak ezagutzea; eta bidezko prezioak ezartzea.
- Bigarren atala ekoizpen jasangarriari buruzkoa da, eta bi ardatz nagusi ditu: batetik, ekoizpen jasangarriari buruzko ezagutza partekatu eta elkarrekin sortzea, eta, bestetik, sargai jasangarriak eskuragarri izatea eta kudeatzea.
- Hirugarren atalaren ardatza produktuak garraiatzea eta merkaturatzea da, eta honako hauetan jartzen du arreta: logistika, ontziratze jasangarria eta jasangarritasun-bermea ezartzeko moduak.
- Azkenik, laugarren atalak sistema tradizionaletik sistema jasangarri baterako trantsizioa egiteko beharrezkoa den antolamendua jorratzen du. Antolamendu hori lortzeko, egonkortasun ekonomikoa bermatuko duen finantzaketa berritzaileak behar dira, ekimena formalizatu, eta bazkide eta aliatuak identifikatu behar dira.
Eskuliburua “hautatu zure abentura” istorio gisa dago antolatuta, irakurleak bere interes‑eremua hauta dezan modu intuitibo batean. Eskuliburuaren ataletan zehar, 20 herrialdetako 96 esperientzia erreal ikus daitezke. Gainera, 44 aholku praktiko garatzen dira eta balioztatze-zerrendak (Checklists) ematen dira. Galdera errazak ere aurkituko ditugu, atal bakoitzean proposatzen diren faseak osatzen lagunduko digutenak.