Hurbileko elikagaiak
- Batik bat sasoiko elikagaiak dira, landareen ziklo naturalak errespetatzen dituztenak, eta ekosistema jasangarriagoak sortzen dituzte.
- Hurbileko produktuek tokiko enplegua eta landa-garapena dinamizatzen dituzte. Kalitate oneko enplegua sortzen dute eta, horri esker, belaunaldi arteko erreleboa eta familiako ustiapen txikiak sustatzen dituzte.
- Hurbileko elikagaiak kontsumitzeak tokiko elikagaien balioa azpimarratzen du, produktuen jatorriari buruzko kontzientzia soziala sortzen duelako.
- Energia gutxiago erabiltzen da produktuak gordetzeko, askoz denbora gutxiago igarotzen delako biltzen direnetik kontsumitzen diren arte.
- Hurbileko produktuek distantzia txikiagoa inguratzen dute. Hori dela eta, horien garraioak gutxiago kutsatzen du.
- Elikagaiak banatzeko bitartekari gutxiago egoteak elikagaiak galtzea eta xahutzea minimiza dezake.
Hurbileko salmentaren 51/2024 Dekretua
Euskadin hurbileko produktuen merkaturatzea sustatzeko eta dagozkien arauak ezartzea errazteko asmoz, Euskadin hurbileko salmenta egiteko baldintzak ulertzea erraztuko duen arau-esparrua garatzea sustatu du ELIKAk.
Dekretu forma izango dute arau horiek, eta orain tramitazio-fasean dago.
Euskadiko nekazaritza-ustiategietan ohikoenak diren hurbileko elikagai-produktuen baldintzak jasoko ditu dekretuak. Horrela, familiako ustiapen txikiei eta ustiapen dibertsifikatuei bereziki zuzendutako arau-esparrua sortuko du. Izan ere, ustiapen-eredu hori da nagusi Euskadin. Gainera, Dekretuak arau-esparru egokia emango die toki-administrazioei, indarrean dagoen araudiarekin bat datozen ordenantzak gara ditzaten.
Salmenta-motak
Dekretuak zenbait aldaketa egiten dizkio 76/2016 Dekretuari, zeinak ezartzen baititu Euskadiko nekazaritzako elikagaien ekoizpeneko hainbat eremutako betekizun higieniko eta sanitarioak egokitzeko baldintzak. Nabarmentzekoa da hurbiltasun-salmentaren definizioan egindako aldaketa. Aldaketa horrek uniformetasuna ematen dio dekretu berri honetan ezarritakoari, eta honela definitzen du:
Hurbileko salmenta da artisau-elikagaiak edo elikagai tradizionalak saltzea, haiek merkaturatzeko salmenta-modalitate hauetako bat erabiliz:
- Zuzeneko salmenta: elikagaien ekoizleek edo ekoizle taldeek azken kontsumitzaileari zuzenean, bitartekaririk gabe, egiten dioten hurbileko salmentaren modalitatea da. Zuzeneko salmentaren modalitateak kasu hauek biltzen ditu:
- ekoizpen primarioko establezimenduan edo ustiategian egiten dena;
- tokiko azoka eta ferietan modu ibiltarian egiten dena;
- urrunetik egiten dena, eskaera telefoniko edo telematikoen bidez, produktuak alderdiek adostutako lekuan entregatuta.
- Zirkuitu laburreko salmenta: azken kontsumitzaileari zuzenean, gehienez ere merkaturatze-kateko bitartekari baten bidez –ez du zertan beti bitartekari bera izan–, elikagaiak hornitzeko egiten den hurbileko salmentaren modalitatea da. Bitartekari izan daitezke txikizkako merkatarien establezimenduak, jantoki kolektiboak, ostalaritzako edo nekazaritza-turismoko establezimenduak eta beste ostatu-establezimendu batzuk.
Argitaratuta dauden arauek dagoeneko kontuan hartutako baldintzak jasotzen ditu, batik bat, Dekretuak. Hala ere, oinarrizko baldintza zehatz batzuk garatu dituzte nekazaritza-ustiategi txikietatik etorritako zenbait elikagai-produkturentzat, lehen arau-esparru egokirik ez zuten eta.
Gehienez ere 50 oilo errule dituzten eta arrautzak zuzeneko salmenta bidez soilik merkaturatzen dituzten ustiategien kasua da hori, bai eta 150 erlauntz baino gutxiago dituzten erlezaintza-ustiategietatik etorritako eta edozein hurbileko salmenta-motatan merkaturatutako eztiaren kasua ere.
Eraldatu gabeko landare-produktuen kasuan, lehendik zenbait arauditan badauden baldintzak jasoko ditu Dekretuak. Horrela, ulertzeko errazagoak izango dira, dokumentu bakarrean laburtuta egongo baitira. Hazitako landareen eta jateko perretxikoen kasua da hori.
Eraldatutako produktu batzuk eta 50 oilo baino gehiagoko ustiategietatik etorritako arrautzen ekoizpenak oso ohikoak dira hurbileko salmentan. Horien kasuan, Euskadiko araudi autonomikoan dagoeneko argitaratutako baldintza malgutuak jasoko ditu Dekretuak. Honako sektore hauen higiene- eta osasun-baldintzen egokitzapenaren (gehienetan malgutzetzat ezaguna) kasua da: esnekiak, arrautzak, landareak eta ogia.
Euskadiko merkatu eta azoketarako Ordenantza-eredua
ELIKA, udalekin eta EUDELekin batera, merkatu eta azoketarako Ordenantza-eredu bat garatzen ari da, horiek antolatzeko alderdi garrantzitsu guztiak jasoko dituena. Segurtasun juridikoa eman, eta Hurbileko Salmentaren Dekretuan jasotako lege- eta elikagaien segurtasun-baldintza guztiak betetzen direla bermatu nahi dugu. Merkatuak eta azokak sustatzea eta horien jarraipena bermatzea du helburu, gure sektorearen bideragarritasun ekonomikorako garrantzitsutzat jotzen dugulako. Merkatuak eta azokak joera berrietara eta kontsumitzaileen eskarietara egokitu nahi ditu.
Euskadin tokiko Azokak eta Feriak antolatzeko gida
Hurbileko Salmentaren Dekretua zein merkatuen eta azoken ordenantza-eredua osatzen ditu Euskadiko merkatuak eta azokak antolatzeko gidak. Modu xehean jasotzen ditu antolaketa-, azpiegitura- eta salmenta-baldintza egokiei buruzko informazioa, jarduera horiei dagozkien arauak, higiene- eta osasun-baldintzak eta saltzeko aurkezpenari dagozkion baldintzak. Izan ere, elikagaien segurtasuna bermatzeko eta, azken buruan, pertsonen osasuna eta kontsumitzaileen eskubideak babesteko ezinbestekoak dira.
Gainera, ekoizleek eta egileek zuzenean saltzearen garrantzia azpimarratu nahi die antolatzaileei, familiako ustiategientzako eta ustiategi artisauentzako ezinbesteko merkaturatze-tresna da-eta. Gainera, horrelako merkatuetan tokiko produktuak egotea oinarrizkoa dela ere azpimarratu nahi du, merkatu horien ardatza eta motorra direlako.
*2024ko MAIATZA EGUNERATZEA* Gida berrikuspen-prozesuan dago, legeria berrietara eguneratzeko helburuarekin. Laster beste bat egongo da eskuragarri; bitartean, uneko bertsioa kontsulta dezakezue:
Eguneratze data: