Europako Ingurumen Agentziak txosten bat argitaratu zuen orain dela gutxi, eta bertan azpimarratu zuen beharrezkoa dela datozen 10 urteetan premiazko neurriak hartzea, Europak 2030erako ezarritako helburuak bete ditzan.

SOER 2020 txostenak agerian uzten du zer puntutan dagoen Europa 2020rako eta 2030erako helburu politikoen betetze-mailari dagokionez, baita epe luzeagorako (2050erako) ezarritako helburu eta asmoei dagokienez ere, betiere etorkizun jasangarri eta hipokarboniko bat lortzeari begira.

Txostenaren arabera, azken bi hamarkadetan, Europak aurrerapen handiak egin ditu klima-aldaketaren ondorioak arintzeko, berotegi-efektuko gasen emisioak murriztu egin baititu. Argi dago, halaber, aurrerapenak egin dituela beste esparru batzuetan ere: uraren eta airearen kutsadura murriztu du, plastiko-hondakinak murrizteko eta klima-aldaketara egokitzeko politikak jarri ditu abian eta ekonomia zirkularra eta bioekonomia sustatu ditu. Bestetik, EBko finantza-ekimen jasangarria da finantza-sektorea etorkizun jasangarri bateranzko aldaketan inplikatzen duen mota horretako ekimen bakarra.

Dena den, aurrerapenak aurrerapen, Europak hazkuntza ekonomikoa sustatzen eta gizarte- eta ingurumen-inpaktuak kudeatzeko ahaleginak egiten jarraitzen badu, ez du etorkizun jasangarri eta oparorik lortuko, ez behintzat gure planetaren mugen barruan. Txostenak Europako herrialde, buruzagi eta arduradun politikoei eskatzen die datorren hamarkada aprobetxa dezatela beren jarduketak modu erradikalean zabaltzeko eta bizkortzeko, kalte konponezinak saiheste aldera.

  1. irudia: EB-28ko berotegi-efektuko gasen emisioen joerak eta proiekzioak, 1990-2050
ES Fig GHG-emissions

Iturria: SOER 2020, 158. orrialdea

Europaren helburuak bete ahal izateko, beharrezkoa izango da egungo politikak hobeto aplikatzea eta koordinatzea, eta gure bizi-estilo modernoaren oinarri diren ekoizpen- eta kontsumo-sistema nagusiak aldatzea ekarriko duten jarduketak sustatzea, sistema horiek (elikadura, energia eta mugikortasuna, besteak beste) inpaktu handia baitute ingurumenean.

Txostenak funtsezko zazpi esparru nabarmentzen ditu, zeinetan neurri ausartak hartu behar diren Europak egoera bideratu dezan eta 2030erako eta 2050erako ezarritako helburuak eta asmoak bete ditzan:

  1. Indarrean dauden ingurumen-politiken ahalmen guztia aprobetxatzea.
  2. Jasangarritasuna izatea politika ororen esparru nagusia.
  3. Nazioarteko ekintza jasangarritasunerantz bideratzea.
  4. Berrikuntza sustatzea gizarte osoan.
  5. Enpresa eta proiektu jasangarriei laguntzeko inbertsioak areagotzea eta finantza-sektorea ondo orientatzea.
  6. Arriskuak kudeatzea eta trantsizioa gizartearentzat bidezkoa izan dadila bermatzea.
  7. Ezagutza eta gaitasun tekniko gehiago sortzea.

Artikulu interesgarriak