Europako Batzordeak Europako Itun Berdea aurkeztu du, EBko ekonomia jasangarria izatea lortzeko bide-orria, klima eta ingurumenaren arloko erronkak aukera bihurtuz jarduketa-esparru guztietan, eta trantsizioa guztiontzako bidezkoa eta integratzailea eginez.

Europako Itun Berdeak ekonomiaren sektore guztiak barne hartzen ditu, bereziki garraiokoak, energiakoak, nekazaritzakoak, eraikinenak eta industrienak; siderurgia, zementua, IKTak, ehungintza eta produktu kimikoak, adibidez.

Nekazaritzaren sektorean, eta «baserritik mahaira» estrategiaren bidez, Europako Batzordeak estatu kideekin eta interesdunekin lan egingo du helburu hauek lortzeko:

  • Europako nekazaritza eta itsas sektorean lan egiten duten guztientzat trantsizioa bidezkoa eta ekitatiboa izatea bermatzea.
  • Pestizida kimikoen, ongarrien eta antibiotikoen erabilera, arriskua eta mendekotasuna nabarmenki murriztea.
  • Nekazaritza- eta arrantza-teknika berritzaileak garatzea uztak izurri eta gaixotasunetatik babesteko.

«Baserritik mahaira» estrategiari esker, halaber, elikadura-iruzurraren aurka borrokatuko da, hori saihestuz, hautemanez eta haren aurka lan eginez estatu kideekiko eta EBtik kanpoko herrialdeekiko koordinazioan. Hirugarren herrialdeetatik inportatutako elikagaiek EBren ingurumenaren arloko arauak bete behar dituzte.

Horrez gain, estrategiaren eskutik ekonomia zirkularra lortzen lagundu nahi da, ekoizpenetik kontsumora.