AESANen batzorde zientifikoak txosten bat argitaratu du, zeinean klima-aldaketak
elikadura-nahikotasunean (Food Security) nahiz elikagaien eskuragarritasunean eta populazioaren nutrizio-egoeran duen inpaktua aztertzen duen.


AESANek identifikatutako arrisku nagusiak hauek dira: biodibertsitatearen galera landa-eremuetan, itsasoko eta kostaldeetako ekosistemaren galera, ekosistema lehortarren eta ur kontinentalen galera, eta ondoriozko elikadura-sistemen narriadura.

Azken urteetan geroz eta muturreko klima-gertaera gehiago bizitzen ari gara, hala nola bero-olatuak, lehorteak eta uholdeak. Ezohiko gertaerak dira horiek, bai maiztasunari, bai intentsitateari dagokionez, eta, ondorioz, natura-sistema batzuk egokitzeko gaitasunetik harago mugiarazi dituzte. Horrek, halaber, kalte itzulezinak eragin ditu elikadura-nahikotasunean.

Nekazaritza eta Elikadurarako Nazio Batuen Erakunderen iritziz (FAO), populazio-hazkundeak eragindako goranzko eskariari eta dieta aldaketei aurre egiteko, elikagaien ekoizpena % 60 handitu beharko litzateke 2050era bitartean.

Testuinguru horretan, txostenaren ondorio nagusiak azpimarratu nahi ditugu:


Lurzoruen narriadurak, eta, zehazki, klima-aldaketak eragindako higadura-prozesuak oso handiak dira.

Gari-, arroz- eta arto-hazkuntzen produktibitatean ondorio negatiboak izatea aurreikusten da.

Tenperaturak igotzearen ondorioz izurri berriak agertuko dira, eta arrisku fitosanitario berriak ekarriko dituzte.


Berotze globalak agente infekziosoen bektore-transmisoreen populazioa areagotzeaz gain, hegaztien migrazio-bideak eta -aldiak ere aldarazi ditu. Ondorioz, animalia-gaixotasunak errazago hedatzen dira, eta animalien osasunean eta osasun publikoan eragina izan dezaketen gaixotasun zoonotiko berriak agertzen dira.


Klima-aldaketaren ondorio nagusiak dira itsasoa berotzea (eta ondoriozko muturreko gertaera klimatikoak, hala nola tanta hotzak kostaldeetan), itsaso-mailaren aldaketak, itsasoko izotzaren desagertzea, estratifikazio termikoa eta zirkulazio ozeanikoaren aldaketak.


Uraren tenperatura igotzearen ondorioz, izotz-geruza murrizten da eta ur sakonetako oxigenoa gutxitzen da. Horrek, aldi berean, ur gezako ekosistemak aldarazten ditu, baita sistema lehortarrak ere.

Ebaluatutako animalia- eta landare-espezieen laurdena desagertzeko arriskuan dago (milioi bat espezie inguru).