FAOk txosten bat argitaratu berri du, klima-aldaketak eta elikagaien segurtasunarekin lotutako arriskuek izan dezaketen aurreikusteko moduko erlazioa agerian jartzeko helburuarekin. Espero da klima-aldaketak eragina izatea osasun publikoan, elikagaien segurtasunean, ekonomia nazionaletan eta nazioarteko merkataritzan; horrenbestez, beharrezkoa da klima-aldaketaren erronkak berekin dakartzan ondorio gehigarriak ondo ulertzea. Dokumentu honen xedea da aurrean dugun erronka konplexua agerian jartzen laguntzea. 

Txostenak hiru kapitulu ditu. Lehenengoan (sarrera), alderdi hauek daude zehaztuta: txostenaren helburuak, klima-aldaketaren egungo egoera eta etorkizunean ekar ditzakeen arriskuak, baita «elikagaien segurtasuna» kontzeptuaren bi adieren arteko interrelazioa ere. Hauek dira bi adiera horiek: elikagaien erabilgarritasuna (food security) eta elikagaien kaltegabetasuna (food safety). Lehen adierak bigarrena hartzen du barnean; izan ere, FAOren arabera, elikadura-burujabetza da pertsona guztiek une oro behar adina elikagai seguru eta nutritibo eskuratu ahal izatea, bizitza aktibo eta osasuntsua izateko funtsezkoak diren nutrizio-beharrak asetzeko.

Bigarren kapituluan, elikadurari eta elikagaien produkzioari lotutako arrisku guztiak lantzen dira, eta, zehazki, klima-aldaketaren ondorioz gehien garatzea espero direnak, gaur egun dagoeneko nabarmen areagotzen ari direlako:

  • Elikadura-patogenoak eta parasitoak: Salmonella, Campylobacter spp., errotabirusa eta Vibrio spp. (eta planktonaren hazkuntzarekin duen lotura) patogenoak aukeratu dira, baita parasitoek sortutako gaixotasunak ere, nagusiki elikagai gordinak kontsumitzearekin lotuak: giardiasia, toxoplasmosia, Chagas-en gaixotasuna, etab. Modu independentean aztertzen da mikrobioen aurkako erresistentzia (RAM), zeina mundu-mailako arazo nagusienetako gisa identifikatu baita.
  • Algen ugaritzea: gutxi gorabehera 5.000 alga-espezie identifikatu dira, eta horietatik 300 inguruk zerikusia dute kaltegarri gisa katalogatutako ugaritzeekin. Alga kaltegarrien ugaritzeak (HABak), itsasoko animalien hilkortasuna areagotzeaz eta giza osasunean eragiteaz harago, galera ekonomiko esanguratsuak eragiten ditu, kostaldeko baliabideak suntsitzen laguntzen du eta, ondorioz, planeta osoan zehar dauden kostaldeko komunitateak kaltetzen ditu. Giza osasunean duen eraginari dagokionez, aipatzekoa da algek fikotoxinak sortzen dituztela. Fikotoxina horiek biometagarriak dira itsas organoetan eta sindrome toxikoak eragiten dituzte irensten direnean. Hauek dira HABeetan eragin handiena duten faktoreak: uraren tenperatura, eutrofizazioa, azidotzea eta elikadura-sareak aldatzea, ozeanoen gainustiapenaren ondorioz.
  • Metal astunak: aurreikus daitekeenez, uholde-eurien areagotzeak berekin ekarriko du lurrean metatutako metal astunak ur-sistemetara mugitzea. Arazorik kezkagarrienetako bat da edateko ura artsenikoarekin kontamina daitekeela, eta, FAOren kalkuluen arabera, arazo horrek 50 herrialdetako 140 milioi pertsonari eragingo die. Horrez gain, laboreek metal astunak xurgatzen dituzte eta, ondorioz, elikagaietara sartu eta elikakatera irits daitezke.
  • Metilmerkurioa: FAOren ustez, merkurioa da osasun publikoari dagokionez garrantzi handienetakoa duten kontaminatzaileetako bat. Merkurioaren forma guztiak dira toxikoak, baina batez ere metilmerkurioa; izan ere, biometagarria da uretako organismoetan eta, hortaz, elikakatearen bidez transmititzen da. Gainera, neurotoxikoa da. Zenbait azterlanen arabera, merkurioaren metilazioak lotura du itsasoaren tenperaturaren igoerarekin. Uste da merkurio ez-organikoaren deposituak areagotzeak lotura duela prezipitazio indartsuen eta uholdeen areagotzearekin.
  • Pestizidak:pestizida gehiegi erabiltzeak, batez ere degradatzen zailak badira, berekin dakar lurra kaltetzea, bioaniztasuna galtzea, pestizidaren xede ez diren organismoetan eragin toxikoak sortzea, uraren kalitateak okerrera egitea eta gizakien nahiz animalien osasuna kaltetzea. Ez dago pestiziden erabileraren gorakadaren eta klima-aldaketaren arteko erlazioaren zuzeneko ebidentzia zientifikorik, baina espero da aldaketak sortzea banaketa geografikoan, bizi-zikloetan, populazioen dinamiketan eta intsektu-izurrien arteko interakzio trofikoetan.  Hortaz, egoera berri horiei aurre egiteko pestizida gehiago aplikatuko direla aurreikusten da.
  • Mikotoxinak: Mikotoxinak metabolito sekundarioak dira; laboreetan sortzen dira eta animaliei gaixotasunak sorrarazten dizkiete. Faktore hauek zerikusi handia dute mikotoxinen sorreran: muturreko tenperaturak, uraren erabilgarritasuna, izurriak eta higienerik gabeko kontserbazio-baldintzak. Hauek dira elikakatean arrisku toxigeniko handiena duen espezieak: Aspergillus, Fusarium, Penicillium eta Hauek dira nekazaritza-sisteman garrantzi handiena duten bost toxinak: aflatoxinak, A okratoxina, fumonisinak, deoxinibalenola eta zearalonona. Klimaren aldakortasuna areagotu egingo da (tenperaturen gorakada, lehorte larriak, euriteak laborantza-aldietan eta eurite horien ondoriozko uholdeak) eta, ondorioz, seguruenik areagotu egingo da laboreetan eta uztaren ondoren mikotoxinak sortzeko arriskua, baita biltegiratze-instalazio tradizionaletan eta merkaturatzeko unean ere.

Hirugarren kapituluan arazo berriak jorratzen dira, hala nola mikroplastikoak, eta klima-aldaketak izatea espero den ondorioak arintzeko hainbat teknikari buruzko informazioa biltzen da. Teknika horiek dira, besteak beste «Novel food» (elikagai berriak, nagusiki intsektuak), klima-ingeniaritza eta digitalizazioa.

Laugarren kapituluan (azkenekoa), datozen urteetan klima-aldaketari aurre egiteko egin beharko dugun bidea lantzen da. Hauek dira alderdi esanguratsuenak:

  • Sistema holistiko bat sortzeko beharra; tokiko esparruaren, esparru nazionalaren eta mundu-mailako esparruaren arteko lankidetza eraginkorrean oinarritutako interrelazio sektorial bat. Azken batean, «Osasun Bakarra» kontzeptua garatu behar da (One Health), elikadura-segurtasuneko arazoetara eta, bereziki, klima-aldaketara zuzendua.
  • Beharrezkoa da administrazioaren, zientzia-komunitateen, sektore pribatuaren, osasun-sistemaren, ekoizleen eta gobernuz kanpoko erakundeen arteko konpromisoa izatea, gainditu beharko ditugun diziplinarteko arazoak identifikatzeko.
  • Elikagaien kontaminazioaren arriskuak tratatzeko, beharrezkoa da elikagaien hornidura-kateko eragile esanguratsuen lankidetza izatea: gobernuko kideak, osasun publikoa eta albaitaritzaren arloko agintaritzak; landareen patologietan adituak diren pertsonak; ekologistak; laborategi nazionalak; industria pribatuak; ekoizleak; eta gobernuz kanpoko erakundeak. Aurreikusten da jardunbide egokien gidak ezartzea funtsezkoa izango dela elikagaien ekoizpen segurua bermatzeko.
  • Beharrezkoa da arrisku-ebaluazio zorrotzak ezartzea, elikadura-estandar egokiak zehazteko; estandar horiek aldian-aldian berrikusi beharko dira, eskuratutako ezagutzarekin osatzeko.
  • Informazioa trukatzeko plataformak, hala nola INFOSAN, oso lagungarriak dira mundu-mailako elikadura-gaixotasunak iragartzeko eta prebenitzeko.
  • Beharrezkotzat jotzen da inbertsio handiagoa egitea klimari dagokionez kalteberak diren estatuetan alerta goiztiarreko sistemak.
  • Ezin dugu ahaztu kontsumitzaileek zer-nolako eragina duten elikagaien segurtasunean. Arlo horretako agintaritzek arretaz behatu behar dituzte kontsumo-ereduak, urbanizazioaren ondorioz dietetan gertatzen diren aldaketak, globalizazioa, elikagaien ekoizpen jasangarriarekiko kontzientzia eta elikagaiak merkaturatzeko prozesuan gertatzen diren aldaketak.
  • Gobernuko kideen, kontsumitzaileen elkarteen, hedabideen eta zientzia-komunitatearen ardura da produktu osasungarri eta jasangarrien kontsumoa sustatzea. Elikaduraren arloko industriek ere esku hartu behar dute arlo horretan.
  • Ikerketa zientifikoa behar-beharrezkoa da klima-aldaketak elikagaien segurtasunean izango dituen ondorioak hobeto ezagutzeko. Oraindik ere hutsune handiak daude arlo horretan, eta, horiek betetzeko, beharrezkoa da gai honi buruzko informazioa emango duten azterketa gehiago egitea. Informazioa eskuratu ahala etengabe eguneratzeko gai izango diren sistema erresilienteak eraikitzeko eta, hala, etorkizuneko erronkei aurrea hartzeko, etorkizunerako hurbilketak eta aurreikuspenak behar ditugu, baita aurrerapen zientifikoak ere.