Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak (gaztelaniaz, MITERD) klima-aldaketak Estatuan duen eraginari buruzko txosten eguneratua argitaratu du.

Basque Centre for Climate Change (BC3) erakundeak txostenean parte hartu du, eta, bertan, premiaz heldu behar zaien 35 arrisku zehatz identifikatu dira.

Egiaztatu da klima-aldaketak eragiten dituela urtaroetan gertatzen ari diren aldaketak: udaberria aurreratzea eta udazkena atzeratzea. Udako tenperaturak denbora gehiagoz mantentzen direnez, aurreratu egiten da loratzea, baita uztak ere. Paradoxikoki, lehenago loratze horrek izozteengatiko kalteak pairatzeko arrisku handiagoa ekar dezake.

Udako gehieneko eta gutxieneko tenperaturak, gauetan erregistratzen direnak, igotzeak bero-boladak eragiten ditu, eta bolada horiek kaltegarriak dira landare eta animalientzat, estres termikoa sortzen dietelako.

Halaber, eskaera hidrikoa handitzearekin eta itsas maila igotzearekin ere lotuta dago (azken horrek eskuragarri dauden baliabide hidrikoak murrizten ditu; izan ere, ur gazia sartzen da akuiferoetan).

Bestalde, muturreko fenomeno gehiago dago orain (lehorteak eta uholdeak, ekaitzak, izozteak), eta horrek lurra gehiago higatzea eta bere konposizio kimikoa aldatzea eragiten du.

Txostenean daude jasota alderdi horiek guztiak, eta, gure ustez, honako hauek azpimarratu behar dira bereziki:

Nekazaritza-sektorea

Loratzeko eta alea garatzeko unean tenperatura altuegiak egoteak eragin negatiboa izan dezake labore belarkaren errendimenduan. Aurreikusi da errendimendua murrizten duen tenperaturaren atalasea, hau da, 25°C, gaur egun gainditzen duten egun kopuruari beste 10 egun gehituko zaizkiola datozen 30 urteetan.

Labore zurkaren kasuan, are agerikoagoak dira tenperatura altuek eragiten dituzten aldaketa fenologikoak, adibidez, mahatsondo eta olibondoetan.

Mahatsei erreparatuta, neguko bataz besteko tenperaturaren igoera onuragarria izan daiteke izozte-arriskua murrizten duelako, baina, aldiz, udan, heltze-garaian, kalitatea murrizteko (azidotasuna, kolorea eta taninoak murriztea) eta alkohol-gradua handitzeko arriskua eragiten du.

Txostenean jasotakoaren arabera, bakterioak dira nekazaritzako patogenorik kezkagarrienak; izan ere, infektatzen dituzten landareekin batera migratzeaz gain, errazago zabaltzen dira ingurune epeletan (bektoreen bidez). Gainera, tenperatura epeletan andui berriak sortzen dira.

Abeltzaintza-sektorea

Tenperatura igotzeak dakartzan muturreko fenomenoek eta udako gutxieneko tenperatura igotzeak estres termikoa eragiten diete animaliei; ondorioz, murriztu egiten da beren ongizatea, ingestioa eta produkzioa, eta heriotza ere eragin diezaieke.

Animalien osasunaren arloan, Culicoides generoko eltxoek (mihi urdinaren gaitzaren bektoreak) transmititzen dituzten gaixotasunak aipatzen dira, eta tuberkulosia eta txerri-izurri afrikarra identifikatzen dira jarraipena egin behar zaien gaixotasun nagusi gisa.

Bestalde, honako hauek ere badauzkagu:

Zoonosia

Gizakiei nahiz animaliei eragiten dieten gaixotasunen artean, honako hauek aipatzen dira:

  • Kongoko sukar hemorragikoa (bektorea: Hyaloma generoko akainak): akain hauek bizirauteko erraztasun handiagoa dute neguak epelak badira. 2001 eta 2015 bitartean egindako kanpaina batean, sukar hemorragikoan positibo eman zuten akain gehien-gehienak oreinetan, adarzabaletan eta basurdeetan harrapatu ziren (akain positiboen maiztasuna % 2,78koa izan zen).
  • Rift valley-ko sukarra (bektorea: Aedes generoko eltxoa): ardia da gehien kaltetzen duen espeziea; horregatik, aurreikusi da ardiekin kontaktuan dauden pertsonek transmisio zoonotikorako arrisku handiagoa dutela.
  • Mendebaldeko Niloko sukarra (bektorea: Aedes eta Culex generoetako eltxoak): Distantzia handira dauden tokietara iristen dira hegazti migratzaileak eramaile izan daitezkeelako eta gaixotasunak ekidoei eragiten dielako. Culex generoko eltxoen presentzia tenperatura epelekin dago lotuta, eta, batez ere, ardi-aziendetatik gertu dauden hiri- eta landa-eremuetan agertzen dira.

Elikagaien bidez transmititzen diren gaixotasunak

Aldaketa Globala Espainia 2020/50 programako txostenean (2012) adierazten da Estatuan klima-aldaketak izango duen zeharkako efektuetako bat elikagaien bidez transmititzen diren gaixotasunek duten eraginari lotuta egongo dela; hortaz, aurreikusi da eragin zuzena izan dezakeela osasun publikoan.

Ikusi da salmonella kasuak % 5 eta % 10 artean hazten direla asteko tenperaturak 5 °C-ko atalasetik gora egiten duen gradu bakoitzeko (bi gako-faktore daude: elikagaiak kontsumitu aurretik gaizki prestatzea eta gaizki biltegiratzea).

Agertzen ari diren arriskuekin zerikusia duten gaixotasunak

Txostenaren arabera, bi alderdi hartu behar dira aintzat agertzen ari diren arriskuei dagokienez:

Mikrobioen aurkako erresistentziak

Bakterioek antibiotikoen aurkako erresistentzia garatzen dute antibiotikoak beharren arabera ez erabiltzeagatik. Baina badaude arazo horri larriagotu egin dezaketen beste faktore batzuk, eta azken ikerketek iradoki dute tokiko tenperaturak lotura daudela infekzio erresistenteen intzidentzia-maila handiagoarekin. AEBn berriki egindako ikerketa batek erakutsi du aztertutako tenperaturen artean 10 °C-ko aldea dagoenean, % 2,2 eta % 4,2 artean handitzen dela infekzio erresistenteen intzidentzia. Zehazki, tenperatura da bakterioek antibiotikoak egonda ere bizirauteko duten gaitasunari eragiten dion gako-faktoreetako bat (horrek erresistentzia-mutazioen bilakaeran eta mantentzean eragiten du).

3.000 bat pertsona hiltzen dira urtero Espainian bakterio erresistenteek eragindako ospitale-infekzioengatik, eta, gainera, horrek 150 milioi euro inguruko kostu gehigarria du (PRAN 2019-2021).

Kutsatzaile berriak uretan

Badaude hainbat animalia-espezietan zenbait produktu farmazeutikorekiko esposizioak eta horiei lotutako eragin ekotoxikologikoak aztertu dituzten ikerketa batzuk. Klima-aldaketak horien eragina indartu dezake (adibidez, lehorteetan, kutsatzaileak erreketan pilatu daitezke, eta, aldiz, uholdeetan, lurretik atera eta zabaldu).

600 bat produktu farmazeutiko ezberdin hauteman dira uretako ingurumenean. Gauzak horrela, lehentasunezkoa eta premiazkoa da honako hauek guztiek osasunean duten eragina ebaluatzea:

  • Hondakin-uretan eta azaleko uretan dauden (gizaki eta animalientzako) droga farmazeutiko eta ez-zilegiak, antibiotikoekiko erresistentzia zabaldu egiten dutelako eta uretako faunaren portaera aldatzen dutelako.
  • Degradazioarekiko erresistenteak diren eta ingurumenean denbora luzez dauden substantzia kimiko biometagarri eta toxikoak.
  • Desinfekziorako azpiproduktuak, ura desinfektatzeko prozesuan tratamendu kimikorako agenteak sortzen dituztenak.
  • Substantzia perfluoroalkilatuak. Azken 60 urteotan asko erabili izan den konposatu kimikoen talde bat da, eta uretan disolbagarriak dira (osasun-arazo asko sortzen dituzte: eragin negatiboak dituzte haurren hazkuntzan, ikaskuntzan eta portaeran; ernalezintasuna eragiten dute; interferentzia egiten dute hormonekin; kolesterola sortzen dute, eta eragina dute immunitate-sisteman eta minbizian).
  • Ingurumenean dauden mikroplastiko eta nanoplastikoak. Premiazkoa eta lehentasunezkoa da giza osasunean eta ekosisteman duten eragina ebaluatzea.
  • Eraikuntza-materialek askatzen dituzten nanopartikulak, ez baitago nanopartikula horiek hautemateari buruzko araudirik.