Batzordeak argitaratu berri duen azterketa baten arabera, EBn urtero sortzen diren elikagai-hondakinen 88 milioi tonetatik % 10ek dataren markarekin dute zerikusia.

 

Elikagai-enpresetako operadoreek eta kontrol-agintariek dataren markaketa merkatuan nola erabiltzen duten aztertzeko xedez egin zen ikerlana. Bada, ikusi zenez, askotariko praktikak erabiltzen dira datak markatzeko; horrez gain, daten markak ez dira irakurtzeko moduan egoten askotan (lagineko produktuen % 11tan), eta horrek guztiak kontsumitzaileen ulermena oztopatzen du.

 

Ikerlanaren ondorioen arabera, gainera, elikagaiak hornitzeko kateko eragileen arteko lankidetza eta berrikuntza oso garrantzitsuak izan litezke elikagai-galera prebenitzeko, eta baliteke kontrol-agintariek orientazio handiagoa behar izatea alor jakin batzuetan; esate baterako, “kontsumo lehenetsiaren data” gainditu duten elikagaiak berriro banatu ahal izateko.

 

Batzordeak kontsumo-dataren markaketa landu nahi du espezifikoki, EBn elikagai-hondakinik ez sortzeko ekonomia zirkularreko ekintza-planaren barruan. Hala, Batzordeak, txostenaren aurkikuntzak eta aurkikuntza horiek elikagai-galeraren prebentzioan izan ditzaketen ondorioak eragile nagusiekin eztabaidatze aldera, dataren markaketa aztertuko duen azpitalde bat sortuko du elikagai-galerei eta elikagai-hondakinei buruzko EBko plataformaren barruan. Talde horrek, hain zuzen ere, dauden aukerak eztabaidatuko ditu (legegintzakoak eta legegintzari ez dagozkionak), eta orientazioa emango du tartean diren eragile guztiak koordinatzeko: EBko estatu kideetako agintaritza publikoak, elikagai-enpresetako operadoreak, kontsumitzaileak eta GKEak.

 

Kontsumo-datei eta etiketei buruzko Europako Batzordearen azterketa