Global Nature Fundazioak eta SIGFITOk «Nekazaritzako hondakinen kudeaketarako gida» bat argitaratu dute. Bertan adierazten dira nekazaritza-ustiategietan sortzen diren hondakinen ingurumen-inpaktuak.

Gidaren azken helburua da nekazaritzako hondakinen sorkuntzan eragiten duten agenteak kontzientziatzea hondakinak behar bezala kudeatzearen garrantziari buruz. Horretarako, hasteko, ustiategi batean sor daitezkeen hondakinak identifikatzen dira; eta, ondoren, horiek behar ez bezala kudeatzeak eragin dezakeen ingurumen-arriskua kuantifikatzen da.

Hondakin bakoitzak eragindako ingurumen-inpaktua, hori kudeatzeko moduaren arabera, literatura zientifikoan identifikatutako ingurumen-inpaktuen kopuru pilatuaren arabera kalkulatzen da. Ondoko grafikoan ikus daiteke:

Gidaren ondorioak

Gidaren amaierako ondorioetan nekazaritzako hondakinen kudeaketa hobetzeko beharrezko gakoak identifikatzen dira:

  • Metodologia nazional bat, nekazaritzako hondakinen aldizkako kuantifikazioa egitea ahalbidetuko duena; eta informazio hori oinarri gisa erabiltzea lurralde osoan aplikatzeko plangintza harmonizatu bat ezartzeko.
  • Hondakinen trazabilitatearen berri emango digun sistema bat, alderdi hauek argi izateko: non sortzen dira?; non daude inpaktu potentzialak?; zer-nolako mekanismoak aktibatu behar dira horiek saihesteko (informazioa, prozedura legalak, etab.)?
  • Estrategia nazional bat, hondakinen kudeaketa lantzeaz gain, jatorrian hondakinak murrizteko lehentasunezko helburua ere planteatzen duena, nekazaritza-sargaien fabrikatzaileen rola bereziki azpimarratuz, bai hondakinen murrizketari bai euren erantzunkidetasunari dagokionez.
  • Sektoreari prestakuntza emateko ahalegin handiagoa. Izan ere, erantzukizunaren zati handi bat haien esku dago. Europako sistema arrakastatsuenetan prestakuntza eta publizitate arloko inbertsio oso nabarmenak egiten dira.
  • Araudia sinplifikatzea, nekazaritzako hondakinen kudeaketa errazte aldera.