Europako Batzordearen CORDIS zerbitzuak plastikoaren krisiaren arazoa lantzeko eta konpontzeko modu jasangarri, berritzaile eta bideragarriak bilatzen ari diren zortzi proiektu aurkeztu ditu, guztiak H2020-k finantzatuak.

Mehatxua

Azken urteetan garrantzi handiko ingurumen-arazo bat sortu zaigu: gure ibai, itsaso eta ozeanoetan dagoen plastiko-kutsadura izugarria. Plastikoa funtzionala, iraunkorra eta kostu txikikoa da; horregatik, funtsezko elementu bihurtu da gure bizitza modernoan. Alabaina, behar bezala deuseztatzen ez bada, ingurumena kutsatzen du eta kalte handiak sorrarazten dizkie hala ingurumenari nola ekonomiari.

Urtero-urtero, 4,8 eta 12,7 milioi tona plastiko artean iristen dira ozeanora. Horrek arriskuan jartzen ditu itsasoko baliabideak eta ekonomia kaltetzen du. Ozeanoetako plastiko-kutsadurak urtean 690 milioi euro inguruko kostua dauka Europar Batasunarentzat (EB). Izan ere, hondartzak eta kostaldeak garbitu egin behar dira, eta eragin kaltegarriak ditu arrantza-industrian eta akuikulturan.

Europako lehentasun politikoa

2018ko abenduan, EBko erakundeek itsasoko hondakinak murrizteko neurriei buruzko behin-behineko akordio bat lortu zuten. Hain zuzen, merkaturako mugak ezarri zituzten, diseinu- eta bilketa-baldintzak zehaztu zituzten eta fabrikatzaileen erantzukizunak areagotu zituzten.

Akordio horrek 2018ko maiatzean Batzordeak erabilera bakarreko plastikoen inguruan aurkeztutako proposamena zuen oinarri. Proposamen hori, hain zuzen, plastikoarentzako lehen estrategiaren barruan egin zuen, garapen jasangarrirako helburuak beteko dituen mundu-mailako ekonomia zirkular integralaren testuinguruan.

I+b konponbideak

Ikerketa sendo eta solidoa egin behar da ezarritako politikak datu zientifiko eztabaidaezinetan oinarrituko direla bermatzeko, baita soluzio berritzaileak garatzeko ere. Soluzio horiek plastiko-hondakinen kopurua murriztea lortu behar dute, eta plastikoak ingurumenean dituen ondorioak arintzea.

2018-2020 aldirako, Horizon 2020 programaren barruan, 100 milioi euro inguru esleitu zaizkie Europar Batasunak plastikoarentzat proposatutako estrategiarekin lotura zuzena duten zenbait proiekturi. Zenbateko horri beste 250 milioi euro gehitu behar zaizkio, Horizon 2020 programaren barruan plastikoarekin lotutako proiektuetan dagoeneko gastatu direnak.

Hona hemen plastiko-kutsadurari aurre egiteko konponbide berritzaileak garatu dituzten 8 proiektu berriak (denak berriki amaitu dira edo amaitzear daude):

  1. SAILCLEAN: Islandiako ETE txiki batek zuzentzen du, eta itsasoko hondakinak “segatzeko” gai den itsasontzi bat garatzen ari da, neurrira egina.
  2. WasteShark: “SharkPod” izenekoa sortu du. Horren bidez, WasteShark deituriko uretako droneek portuetan eta barruko uretan dauden hondakinak edo biomasa modu autonomo eta seguruan utz dezakete lurrean.
  3. POSEIDOMM: ikerketa aitzindaria egin du mikroplastikoek ozeanoaren gainazaleko mikrogeruzan (beste era batera esanda, ozeanoaren azalean) duten eragina aztertzeko.
  4. EuroMix: gizakiengan dauden eta askotariko lekuetan, besteak beste ozeanoan, sortzen diren produktu kaltegarriak aztertzen ditu, eta lehentasuna ematen dio pertsonengan aurkitutako nahasketa kimikoekin proba- eta ebaluazio-estrategia berriak garatzeari.
  5. Respon-SEA-ble: publiko orokorrari heziketa eta informazioa emateko lan egin du, ikus dezaten beren egungo eta etorkizuneko ekintzek zer-nolako eragina duten ozeanoaren ingurumen-degradazioan.
  6. ECOLACTIFILM: Frantziako ETE aitzindari batek zuzendutako proiektu honek plastikozko ontzientzako soluzio disolbagarri bat sortu du, esne-proteinetatik abiatuta. Horri esker, petrolio-oinarria duten polimero gutxiago erabil daitezke, zeinak ingurumenarentzat kaltegarriak baitira eta munduko edozein lekutako uretara erraz iristen baitira.
  7. UTOFIA: urpeko ikuskatze-kamera berri bat garatu du, hiru dimentsioko hegaldi-denboraren teknologia erabiltzen duena. Horren bidez, hondakinen eta kutsaduraren ebaluazio kuantitatiboa egin daiteke, eta itsas hondoko garbiketa-lanak egiteko ere erabil daiteke.
  8. P4SB: petrolio-oinarria duten plastikoak guztiz biodegradagarri egiteko biobihurketa landu du; horretarako, ingeniaritza sakoneko katalizatzaile bakterianoak erabili ditu, Pseudomonas putida bakteriotik eratorriak.