Elikagaien eta edarien sektorerako ingurumen-kudeaketaren arloko jardunbide egokiak
Europako Batzordearen Ikerketa Zentro Erkideak (JRC, Joint Research Centre) txosten bat argitaratu du; txostena sektore-erreferentzia hau garatzen laguntzeko esparruan gauzatu da: “EMAS-Elikagaien eta edarien fabrikazio-sektorerako dokumentua”.
Dokumentu hori aurretik egindako zenbait prestaketa-azterketatan oinarrituta dago, eta honako hauek egin dituzte azterketa horiek: Andaluziako Teknologia Institutuak (IAT, Espainia), Nekazaritzako Elikagaien Industriaren arloko Ikerketarako Elkartea (AINIA, Espainia) eta Oakdene Hollins (Erresuma Batua).
Txosten honetan, elikagaiak eta edariak fabrikatzen dituztenek ingurumen-kudeaketan jarraitu beharreko jardunbide egokiak azaltzen dira. Ingurumen-kudeaketaren arloko jardunbide egokiak dira elikagaien eta edarien fabrikatzaileek ezar ditzaketen teknikak, neurriak eta ekintzak, ekoizten dituzten produktuen balio-kate osoan ingurumena ahalik eta gutxien kaltetzeko. Jardunbide horiek sektoreko adituek identifikatu zituzten, ingurumenaren arloan aitzindariak direnek ezarritako praktikak oinarri hartuta.
Txosten honetan, elikagaiak eta edariak fabrikatzen dituzten guztiek ingurumen-kudeaketan aplika ditzaketen jardunbide egokiak azaltzen dira. Hauek dira:
- Ingurumenaren arloko ebaluazioa egitea.
- Hornidura-katearen kudeaketa iraunkorra egitea.
- Garbiketa-lanak egitea eta energia-eraginkortasuna hobetzea.
- Energia berriztagarriak erabiltzea.
- Garraioa eta banaketa-operazioak optimizatzea.
- Hoztea eta izoztea.
- Elikagaien soberakinak saihestea.
Gainera, bederatzi azpisektoretarako berariazko jardunbide egokiak ere aurkeztu dira. Hauek dira azpisektoreak:
- Kafearen prozesamendua.
- Oliba-olioaren fabrikazioa.
- Freskagarrien fabrikazioa.
- Garagardoaren fabrikazioa.
- Haragiaren eta eskortako hegaztien haragi-produktuen ekoizpena.
- Fruta-zukuen fabrikazioa.
- Gazta fabrikatzeko operazioak.
- Ogiaren, gaileten eta pastelen fabrikazioa.
- Ardoaren fabrikazioa.
Ingurumen-kudeaketaren arloko jardunbide egokiez gain, txostenean zeinbait adierazle ere identifikatzen dira; adierazleok egokiak dira sektore bakoitzeko ingurumenaren arloko zereginetarako, eta jardunbide egoki bakoitzari lotuta daude, baita bikaintasunerako erreferentzia-puntuei ere, posible denean, aitzindariek lortutako garapen-maila aintzat hartuta.
Txosten hori elikagaien eta edarien fabrikatzaileek erabil dezakete, ingurumenaren arloan egiten duten lana hobetzeko ekintza erabilgarriak identifikatzeko informazio-iturri gisa.
Hori oinarri hartuta, EMAS (EBko Ikuskaritza eta Kudeaketa Ekologikorako Eskema) sektorekako erreferentzia-dokumentua sortu zen, elikagaien eta edarien fabrikazioaren sektoreko ingurumen-kudeaketarako jardunbide egokiei buruzkoa (1221/2009 Erregelamenduaren (EE) 46. artikuluan ezarritakoarekin bat).