Eusko Jaurlaritzak 51/2024 Dekretua argitaratu du, hurbileko salmentaren bidez merkaturatutako elikagaien baldintza higieniko-sanitarioei eta trazabilitate-, etiketatze- eta publizitate-baldintzei buruzkoa. Dekretu honen bidez hurbileko produktuak merkaturatzea sustatu nahi da, kontsumitzaileak produktu horietara gerturatzea erraztu nahi da eta informazio argia eman nahi da produktu horien jatorriari, kostuari, ekoizpen-sistemari eta jasangarritasun-baldintzei buruz.

Duela gutxi argitaratutako Dekretuaren arabera, Hurbileko salmenta da elikagaiak salmenta-modalitate hauetako bat erabiliz merkaturatzea:

  • Zuzeneko salmenta: elikagaien ekoizleek edo ekoizle taldeek azken kontsumitzaileari zuzenean, bitartekaririk gabe, egindakoa. Kasu hauek biltzen ditu: ekoizpen primarioko establezimendu edo ustiategietan egiten dena, tokiko azoka eta ferietan modu ibiltarian egiten dena eta urrunetik egiten dena, eskaera telefoniko edo telematikoen bidez.
  • Zirkuitu laburreko salmenta: gehienez ere merkaturatze-kateko bitartekari baten bidez. Bitartekari izan daitezke txikizkako merkatarien establezimenduak, jantoki kolektiboak, ostalaritzako edo nekazaritza-turismoko establezimenduak eta beste ostatu-establezimendu batzuk.

Ekoizleak izena emanda egon beharreko nahitaezko erregistroak ezartzen ditu arauak, baita trazabilitateari eta kontsumitzaileari eskaini beharreko informazioari buruzko eskakizunak ere. Gainera, ekoizleei gogorarazten die elikagaien segurtasunaren erantzule izango direla, eta ezarriko diren betekizun higieniko eta sanitarioak jasotzen ditu. Era berean, eranskin batean datoz elikagai-erabilerako perretxikoen hurbileko salmentarako betekizunak.

Gainera, dekretu honetan arautzen dira 50 oilo errule baino gutxiagoko ekoizleek azken kontsumitzaileari zuzenean saltzean bete beharreko betekizunak. Ekoizpen primarioko kantitate txikitzat hartzen dira eta ez dute higiene-paketea ezarri beharrik; beraz, Euskadin bete beharreko betekizunak ezarri dira arau berri horretan.

Bestalde, definizio berri honetara egokitzeko, 76/2016 Dekretuan jasotakoa aldatuko da, Euskadiko nekazaritzako elikagaien ekoizpeneko hainbat arlotan betekizun higieniko eta sanitarioak egokitzeko baldintzak ezartzen baititu, baita dekretu hori ezartzeko aginduetan zehaztutako etiketetan agertu beharreko esapidea ere.

Amaitzeko, dekretu hau ezartzeko honako gida hau aipatzen da: Euskadin tokiko azokak eta feriak antolatzeko gida. Eusko Jaurlaritzaren webgunean dago eskuragarri.