Europako Batzordeak aditu-talde independente baten txostena argitaratu du. Bertan, zenbait gako aztertzen dira estatu kideek kontsumitzaileak dieta osasungarri eta jasangarriagoak izatera animatzeko ekintzak susta ditzaten.

Elikagaien jasangarritasunaren arloko Batzordearen politikak diseinatzeko, batik bat, F2F (Farm to Fork, baserritik mahaira) hartzen da estrategia nagusitzat, eta NPE (Nekazaritza Politika Erkidea) ekintza-tresnatzat, asmo handiko ingurumen-eskemak sortu ditu eta.

SAPEAren (Science Advice for Policy by European Academies, Politikarako Europako Akademien Batzorde Zientifikoa) proben berrikuspen-txostenaren (EER, Evidence Review Report) laburpenean, legegintzak esku har dezakeen bost arlo identifikatzen dira:

  • Prezioak (Adib.: osasungarriak edo jasangarriak ez diren elikagaiak garestitzeko neurri fiskalak)
  • Eskuragarritasun fisikoa (Adib.: arauak sortzea RETAIL eta janari‑zerbitzuetan kokapen nagusiak produktu osasungarrientzat izateko, osasungarriak ez direnak ordezkatu ditzaten)
  • Elikagaien konposizioa (Adib.: arauak sortzea produktuen formulazioari dagokionez, gantz, gatz edo azukre-edukia gutxitzeko eta landareetan oinarritutako alternatibak sartzeko)
  • Informazio-eremuak (Adib.: arauak sortzea helburu diren elikagaien iragarkientzat, gizarteari etiketen garrantziaren berri ematea, kontsumitzaileek erraz ulertuko duen informazioa emanez aukera jasangarri eta osasungarrienari buruz).
  • Ingurune soziala (Adib.: ahoz ahokoak kontsumo-erabakietan eragin dezake)

Txostenean estatuko politikak aplikatzeko gomendio-sorta bat ere agertzen da. Gomendio horiek koordinatuta eta batera aplikatzen badira, aldaketa nabarmenak ekar ditzake pertsonen kontsumo-joeran eta elikagaien ingurunean. Neurriak ahalik eta lasterren aplikatu behar dira; batzuk epe laburrean nabarituko dira eta, beste batzuk, aldiz, epe luzean. Gomendio horiek F2F estrategian definitutakoak osatuko dituzte.

0 gomendioa: politika-osagarri batzuk modu koordinatuan ezartzea, sustatzeko edo ez sustatzeko tresnekin, elikagai osasungarri eta jasangarriei buruzko informazioarekin eta neurri arautzaileekin.

0.1- Dieta jasangarri eta osasungarrien ikuspegia sortzea epe luzera elikakateko eragile guztiekin.

0.2- Elikadura sisteman eragiten duten esku-hartze guztien arteko koherentzia bermatzea eta arazotsuak izan daitezkeen esku-hartzeak kentzea.

0.3- Goi-mailako politiken koordinazioa egonkortzea. Horretarako, komunikabideak, ohiko elkarrizketak eta gobernantza‑sistema bateratua garatu behar dira.

0.4- Elikagaiak prozesatzeko eta RETAIL sektoreen politika berriei emandako erantzuna berrikustea, esku-hartzeen ezusteko ondorioei aurrea hartzeko.

1.gomendioa: Dieta osasungarri eta jasangarriak aukerarik errazena eta irisgarriena bihurtzea.

1.1- Sarri kontsumitzeko osasungarriak ez diren elikagaiei zergak pixkanaka jartzeko zerga-mekanismo aproposak identifikatzea, eta komunikazio egokiarekin eta ebaluazio-neurriekin indartzea.

1.2- Dieta osasungarri eta jasangarriak ekonomikoki irisgarriagoak egitea.

1.3- Ingurumen-inpaktu handiko ekoizpen-sistementzako laguntzen eskema egokitzea, hala behar denean.

1.4- Nutrizio kaskarraren funtsezko kausei politika sozialen bidez aurre egitea pobrezia desagerrarazteko, eta guztientzako hezkuntza hobean inbertitzea

2.gomendioa: Elikagaiek ingurumenean eta osasunean duten eraginari buruzko informazio egokia eta egiazkoa ematen dela bermatzea, elikadura-sistemako eragile guztiek erabaki osasungarri eta jasangarriak hartzea sustatzeko.

2.1- Dietei buruzko jarraibide nazionaletan jasangarritasunaren irizpidea kontuan hartzen dela orokortzea.

2.2- Iraupen zehatzeko helburuak definitzea eta jakinaraztea eskala nazionalean zein EBn, kontsumo osasungarri eta jasangarria bermatzeko.

2.3- Osasunari eta dieta jasangarrien eraginari buruzko informazio-kanpainak sortzea kontsumitzaileak sentsibilizatzeko, eta hezkuntza-programak egitea elikaduraren arloko alfabetizazioa hobetu dadin.

2.4- Kontsumitzaileak elikagaien ekoizle primarioekin kontaktu handiagoa izatera animatzea, elikaduraren arloko alfabetizazioa areagotzeko.

2.5- Ingurune digitalaren indarra baliatzea kontsumitzaileei dieta osasungarri eta jasangarrien berri emateko, baita elikagaien xahuketa murrizteko ere.

2.6- Maiz kontsumitzeko osasungarriak eta jasangarriak ez diren elikagai eta edarien publizitatea mugatzea.

2.7- Elikadura-sistemako eragile guztiekin gardentasunez lan egitea, eta garrantzi berdina ematea dieta osasungarri eta jasangarriak lortzeko interesa duten parte guztiei, eta elikagaien industriako eragile batzuek zenbait neurri politiko zehatzen kontra izatea espero den aurkakotasunari aurre egitea.

3.gomendioa: Esku-hartze berriak agintzea dieta osasungarri eta jasangarriko produktuen eskuragarritasuna eta irisgarritasuna sustatzeko.

3.1- Estatu-kideak produktu osasungarriak ikusgarritasun handieneko apaletan jartzera animatzea, eta maiz kontsumitzeko osasungarriak eta jasangarriak ez diren produktuen alde ez egitea.

3.2- Produktuak birformulatzeko eskatzea, janari osasungarri eta jasangarriaren eskuragarritasuna areagotzeko.

3.3- Elikagaien ekoizpenak ingurumen-inpaktu handia eragiten duen herrialdeetako produktuak Europako Batzordera inportatzeko mugak jartzea, eta aduana-tasak edo zergak jartzea.