Mundu-mailako pandemia batetik berreskuratzen ari garen honetan, berreskuratze-prozesu horretan desberdinkeriak daude herrialde batzuetatik besteetara, baita herrialdeen barruan ere. Gainera, mundua Ukrainako gerraren ondorioak ere ari da pairatzen, zeinak elikagaien eta energiaren merkatuak aztoratu baititu.

Bestetik, gero eta argiago dago nekazaritzako elikagaien sistemek kalte handiak jasaten dituztela krisien (adibidez, COVIDarena), klimaren aldakortasunaren eta muturreko fenomeno klimatikoen ondorioz, baita ekonomia-uzkurduren ondorioz ere.

Testuinguru horretan, txostenean zifra hauek daude bilduta:

  • 735 milioi pertsona inguruk gosea pasatzen dute (2019an, pandemiaren aurretik, baino 112 milioi gehiago).
  • Aurreikuspenen arabera, 2030ean 600 milioi pertsonak azpielikadura kronikoa pairatuko dute. Pandemiarik eta Ukrainako gerrarik egon izan ez balitz, zifra hori 119 milioi txikiagoa izango litzatekeela kalkulatzen da.
  • Mundu osoko 3.100 milioi pertsonak baino gehiagok ezin dute dieta osasungarria eduki, ezin dutelako ordaindu.

Aurtengo txostenak bereziki azpimarratzen ditu urbanizazioa, elikagaien nekazaritzako sistemen eraldaketa eta landa-hiri continuumean zeharreko dieta osasungarria.

Hauek dira txosteneko emaitza aipagarrienak:

DIETA OSASUNGARRIA

Haurren gehiegizko pisuaren prebalentziak gora egiteko arriskua dago; izan ere, azkenaldian gora egiten ari da elikagai oso prozesatuen kontsumoa, batez ere etxetik kanpo. Kontsumo hori hiriguneetan ikusten da batik bat, baina gero eta gehiago ari da zabaltzen hiri-periferietara eta landa-inguruneetara.

Txostenak mundu-mailako egoera nutrizionalari kalte egiten dioten faktoreak identifikatzen ditu:

  • Erraz prestatzeko edo aurretik prestatutako elikagaiak gero eta eskuragarriago daude, eta gero eta merkeagoak dira. Elikagai horiek hiperkalorikoak izaten dira, eta koipe, azukre eta gatz asko izaten dute.
  • Ez dago gu guztion eguneroko dieta osasungarriaren beharrei erantzuteko behar adina barazki eta frutarik.
  • Nekazari txikiak balio-kate formaletatik kanpo uzten dira.
  • Lur eta kapital naturalak galtzen ari dira, hiriak zabaltzen ari direlako.

NEKAZARITZAKO ELIKAGAIEN SISTEMEN ERALDAKETA ETA LANDA-HIRI CONTINUUMA

Eraldaketa hori gauzatu ahal izateko, “landa-hiri continuumaren” ikuspegia hartu behar dugu. Ikuspegi horrek hiriguneen, hiri-periferien eta landa-eremuen arteko konektibitatea eta interrelazioa islatzen ditu, mundu horiek gero eta lotuago baitaude.

Horrez gain, elikakateko mailen arteko loturak indartu behar dira. Horri esker, garapen ekonomiko handiagoa izateko eta dieta merke eta osasungarriak denon eskura jartzeko aukerak areagotu egiten dira. Aukera horiek baliatzeko, inbertsioak egin behar dira azpiegitura eta ondasun publikoetan, eta gaitasunak hobetu behar dira.

Inbertsio horien bidez enpresa txiki eta ertainek (ETE) nekazaritzako elikagaien sistemetan duten funtsezko zeregina babestu behar da, batez ere hiri ertain nahiz txikietan eta herrietan.

ESTATU-MAILAKO ETA TOKIKO POLITIKAK

Beharrezkoa da ikerketa eta garapenean (I+G) egiten den inbertsio publikoa areagotzea, elikadura-ingurune osasungarriagoak sortzeko eta elikagai nutritiboak erraz eta merke eskuratzeko aukerak areagotuko dituzten teknologiak garatu eta proiektu berritzaileak sortzeko.

Garrantzitsua da politikaren eta legeen arloko ikuspegiek landa-eremuen, hiri-periferien eta hirien arteko konektibitate gero eta handiagoa aprobetxatzea, eta inbertsio koherenteak egitea, sektore- eta administrazio-mugetatik harago.

Hain zuzen, eskualde-mailako eta tokian tokiko gobernuek funtsezko zeregina dute arlo horretan: goitik beherako ikuspegi tradizionala alde batera utzi behar dute, eta politika desberdinak sortu eta aplikatu behar dituzte. Horrez gain, ez dute ahaztu behar elikagaien nekazaritzako sistemen gobernantzarako ikuspegiek bat etorri behar dutela nazio- eta eskualde-mailako politikekin, eta horretarako funtsezkoa da alderdi interesdunek elikagaien nekazaritzako sistemetan parte hartzea, maila guztietan.

Elikagaien segurtasunaren eta nutrizioaren egoera munduan (SOFI) FAOk, FIDAk, OMEk, PMAk eta UNICEFek urtero egiten duten argitalpen bat da.

Bertan, jarraipena egiten zaie gosea desagerrarazteko eta elikagaien segurtasuna (Food Security) hobetzeko prozesuei eta nutrizioari. Gauzak horrela, Garapen Iraunkorrerako 2030 Agendako helburuak betetzeko ditugun erronkak analizatzen dira txosten horretan (GIH helburuak).

Dokumentua politiken arduradunei, nazioarteko entitateei, erakunde akademikoei eta publiko orokorrari dago zuzenduta.